Belen Agirre: "Udalarekin harremana beti izan da ona, herri txikia izatea abantaila bat da"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2012ko urriaren 30a

Bi urte daramatza Belen Agirrek (Arrasate, 1964) Itur-Zuri elkarteko presidente moduan. Arrasaten jaio arren 20 urte daramatza Aramaion. Elkartean 130 bazkide dira egun baina eskulanen talderako kide berrien bila dabiltza, prezioak igo ez daitezen. Zapatuko erretiratuen jaian, urtero jartzen duten postuan erakutsi zieten herritarrei urtean zehar egindako eskulanak.

Nola amaitu duzu Itur-Zuri elkarteko presidente moduan?

Duela hiru urte eskulanen taldean sartzea erabaki nuen baina horretarako ezinbestekoa zen elkarteko bazkide izatea. Hala, zuzendaritza taldea berritzeko bilera egin zuten eta ni izendatu ninduten presidente, nahiz eta ez nintzen bilera horretan egon. Egun idazkariak, diruzainak eta nik neuk osatzen dugu zuzendaritza taldea.

Eskulanen taldetik sortu zen Itur-Zuri elkartea bera. Baduzue beste talderik elkarte barruan?
Urte osorako antolatzen ditugun ekintza iraunkorrak eskulanak eta yoga izaten dira.
Esandako moduan, Itur-Zuri elkartea bera eskulanetarako taldetik sortu zen eta egun kide berriak sartzea eskertuko genuke. Kontua da taldearen biziraupena arriskuan ez badago ere, prezioak ez igotzeko jende gehiago behar dugula.   

Nolakoa da Udalarekin duzuen harremana?
Oso ona. Udalarekin beti izan dugu harreman ona. Diru-laguntza ematen digute urtero eta jakin badakite herriarendako hainbat ekintza antolatzen ditugula. Aramaio herri txikia da eta hori guretako abantaila bat dela esango nuke. Denok ezagutzen dugu elkar eta Udaleko ordezkariekin ere harremana estua da. Hau da, Udalaren aldetik zerbait behar badugu dagokionari kalean trago bat hartzen gaudela eskatu diezaiokegu.
Ofizialak diren kontuak eskatzeko bitarteko ofiziosoak erabiltzen ditugu. Beraz, ez dago arazorik. Nire ustez, halako tratua ezinezkoa da herri handietan edo hirietan.

Herriarendako hainbat ekintza antolatzen dituzuela diozu. Zeintzuk dira, bada, ekintza nagusiak?
Hainbat dira baina hauexek nabarmenduko nituzke: urriaren 12ko pintura lehiaketa, Martxoaren 8aren bueltan antolatzen dugun Emakume Astea eta Aratusteetan banatzen dugun txokolatea.
Horrez gain, hitzaldi eta tailerrak antolatzen ditugu; horiek ekitaldirik ez dugunean antolatzen ditugu batez ere.

Zineforuma antolatu dute, gaur hasita

Itur-Zuri elkartekoek zineforuma antolatu dute aste honetarako eta hurrengorako; udazkenean ekintza gutxi izaten direlako antolatu dute. Hauexek dira ikusi ahal izango diren pelikulak: gaur, urriak 30 Inside Job, azaroaren 6an Una verdad incomoda eta azaroaren 8an Bowling for Columbine. Pelikula horiek guztiak Kultur etxean proiektatuko dira, 18:00etan.

Zikloarekin amaitzeko ipuin kontaketa saioa izango da Sastiñan, azaroaren 10ean (22:00). Ernesto Agirre izango da kontalaria eta baikorrendako saioa dela aurreratu dute: ¿Quién dijo que todo está perdido?.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak