Bertso eskolen urteurrena, Arabako egoera onaren isla

Jokin Bereziartua Lizarazu 2012ko urriaren 31

Arabako bertsolaritza bizirik, indartsu eta osasuntsu dago. Hori ondoriozta daiteke Arabako bertso eskolek 30 urte bete dituztela ospatzeko zapatuan Gasteizen egin zen jaialdian: "Egun luzea eta ona izan zen, eta ekitaldi gutxi izaten dira luzeak eta onak direnak aldi berean. 11:00etan hasi eta gaueko ordu txikietara arte giro ederra izan genuen, jendea oso gustura ibili zen. Parte-hartze altua izan zen eta hori garrantzitsua da. Gainera, jende gaztea izan zen nagusi", uste du Manex Agirre bertsolari aramaioarrak.

Denetariko ekintzak egin zituzten egun osoan zehar, adin guztiendako: "Gure buruei omenaldi txiki bat egiteko balio izan zuen. Bertso eskolen parte garenok gozatzeko eguna izan zen eta egia esan, asko gozatu genuen", adierazi digu Arabako txapeldunak.

Egunez Gasteizko alde zaharrean ibili ostean –bazkarian 100 lagun elkartu ziren– gauean Jimmy Jazz aretoan borobildu zuten ospakizuna. Bertso eskolen sortzaileetako bik eman zioten hasiera galari, Abel Enbeitak eta Pedro Mari Bizkarguenagak: "Biak batera agertoki baten ikustea oso zaila da egun, azken urteetan ez dute-eta abestu. Guretako hunkigarria izan zen eta eurak ere oso gustura aritu ziren".

Ezerezetik, erreferentzia izatera

Agirre beteranoa da, 14 urte daramatza Aramaioko bertso eskolan. Garai hartako egoeraz egin digu berba: "Hasi ginenean Araban ez zegoen ia ezer. Aramaion eta Legutio inguruan izan ezik bertso eskolarik ez zegoen apenas. Bestalde, duela 30 urteko bertso eskolen sorrera hutsetik hasitako fenomeno bat moduan ulertu behar da. Ez dago lekukotasunik, hainbat belaunaldiren ostean euskara galdu zenetik, Araban bertsolaririk zegoenik. Testuinguru hori kontutan hartuta, 1980ko hamarkadan Laudion eta Gasteizen bertso eskolak sortu zituztenek meritu handia dute", uste du bertsolari aramaioarrak.

Orain, berriz, eremu euskaltzalean  "erreferentzia" dira bertso eskolak eta horren adibide da 2013ko txapelketarako 50 bertsolari izango direla.

Gure ordezkaritza zabala

Aramaiok, noski, ez zuen kale egin: Agirre bera, Andere Arriolabengoa, Xabi Igoa, Idoia Beitia, Lierni Altuna, Paula Amilburu eta Beñat Burgi izan ziren Gasteizen, besteak beste. Hori bai, batzuk bazkaltzeko agertu ziren, herrian erretiratuen eguna zen-eta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak