Gaur, zapatua, goizean egindako euria ez da aitzakia izan Aramaioko jubilatuek euren eguna gogoz ospatzeko. Jaia 10:30ean hasi da, herriko trikitilari eta txistularien kalejirarekin. Kalegiraren ostean, jendea pixkanaka ganadu eta artisau azokara hurbiltzen joan da. Eguraldiak lagundu ez duenez, aurreikusitakoa baino saltzaile gutxiago gerturatu dira Aramaioko Nardeaga kalean jarritako azokara.
Lehenengo perretxikoak
Kanpoko saltzaile askok kale egin dute, baina ez aramaioarrek, izan ere, aurreikusitako 44 ekoizleetatik bakarra falta izan da. Ganadu ferian, euskal behorrak, ardi latxak eta astoak izan dira. Nahiz eta euriarengatik kanpoko abeltzainak ez etorri, Aramaioko ganaduak ikusmina sortu du, batez ere, ume eta adinekoen artean. Ortuko produktu eta artisau azokan, berriz, eztiak eta perretxikoek eman dute zeresan handiena. Perretxiko garaia da eta aurten berandu irteten hasi direnez, batek baino gehiagok denboraldian ikusitako lehenengo perretxikoak izan dira gaurkoak.
Hainbat lagun ezti eta argizari postu baten aurrean.
Eguerdian berriz, Aramaioko erretiratuek lehenengo hitzordua izan dute: urtean zehar hildakoen aldeko meza. Elizkizunaren ostean, herriko dantzari gazteenek dantzaldia eskaini diete. Eguraldiarengatik, San Martin parrokian egin beharrean, Udaletxeko arkupetan egin dute euskal dantzen erakustaldia.
Aramaioko dantzariak udaletxeko arkupetan saioa egiten.
Eguna borobiltzeko, erretiratuek bazkaria egin dute kiroldegian. Bertan, herriko zaharrenei omenaldia egiten zaie, baina bazkarira joan ez direnez, Udal ordezkariak Maria Angeles Beitiaren eta Balentin Ibaberen etxera joan dira lore sorta eta txapela ematera.