EGITARAUA:
Goizean zehar azoka egongo da Aramaioko baserriko produktuekin, artisau lanekin eta animaliekin, 14:30ak arte. Udalak agindua eman die ekoizleei 11:30erako postuak gertu izateko.
Bestalde, Ibarrako elkarte gastronomikoetan erretiratu guztiendako salda eta ogitarteko beroak egongo dira.
Ekintzak:
10:30 Herriko trikitilari eta txistularien kalejira.
12:00 Urtean zehar hildakoen aldeko meza, San Martin parrokian.
13:00 Euskal dantzen saioa.
14:30 Bazkaria kiroldegian.
Azokan, bertako 44 ekoizle
Azoka izaten da eguneko izarra. Artisau eta ganadugileen artean Aramaioko bertako 44 ekoizle espero dituzte antolatzaileek. Bertako 23 artisauk postua jarriko dute eta kanpotik beste 12 bat postu etorriko direla espero du Udalak. Azoka goizeko lehen ordutik 14:30ak arte egongo da zabalik, urtero moduan.
Itur-Zurikoak, partaide berrian bila
Postuen artean Itur Zuri emakume elkarteko eskulan taldeak ez du hutsik egingo. Hala ere, jende faltarekin dabiltzala jakinarazi digute: "Taldeak aurrera jarrai dezan jendea behar dugu". Birritan elkartzen dira astero: eguaztenetan 19:00etatik 21:00etara eta egubakoitzetan 17:00etatik 19:00etara.
Edadutenei omenaldi xumea
Azokaz gain, erretiratuendako bazkaria izaten da eguneko ekitaldi nagusia. Aurten 115 lagun espero dituzte kiroldegian egingo den bazkarian. Urtero moduan, urte gehien dituzten aramaioarrak ere omenduko dituzte. Emakume zaharrena Maria Angeles Beitia da; 1918ko martxoaren 1ean jaio zen Altzaga auzoan, eta lore sorta oparituko diote. Gizonezkoen artean, berriz, Balentin Ibabek ditu urte gehien; 1918ko uztailaren 4an jaio zen Eguzkierripa auzoan. Ibaberi txapela oparituko diote. Omenduak izango diren bi aramaioarrak bazkarira joaten badira bazkalostean egingo diote omenaldia. Hala ez bada, euren etxeetara joango dira Udaleko ordezkariak.
"Oso egun polita izaten da"
Jesus Garitaonandia Alaiak erretiratu elkarteko presidentearen arabera oso egun berezia izaten da: "Normalean kalera etortzen ez diren auzoetako erretiratuekin egoteko aukera ederra izaten da, denbora luzez ikusi ez ditugunekin egoteko eguna. Gainera, herriak herriarendako egindako jaia da; oso polita izaten da". Alaiak elkarteko presidente moduan biziko duen lehen jaia izango da Garitaonandiarendako.
Artzai txakur txapelketa etzi, nobedade eta guzti
Domeka goizean zehar artzai txakur txapelketa egingo dute Salazango zelaietan. Aramaiok izango du ordezkaria, Fernando Etxebarria. Beste partaideen artean arabarrak dira nagusi: Jose Mari Jauregi (Ilarduia)Arabako txapelduna, Eneko Serrano (Laudio), Jon Zuazo (Nafarrate) eta Fidel Alonso (Areta). Arabarra ez den bakarra da Jose Ramon Garcia (Sodupe), Euskal Herriko txapelduna. Aurtengo txapelketa, gainera, nobedadearekin dator: bertsolariak arituko dira girotze lanetan.