Aurten ere hiru talde izango dira, 10 urtetik hasi eta 18 urtera arteko adin tartean. Talde gazteena 10 eta 11 urte artekoa da; bigarren taldea 13 eta 15 urte bitartekoa; eta, talde heldueneko kideak 17 edo 18 urte dituzte.
Talde bakoitzak helburu ezberdinak ditu: "Talde gazteenarekin helburua izaten da bertsoaz zaletu daitezela, eta helduetan, txapelketa ezberdinak prestatzen dituzte", dio Igoak.
Garrantzitsuena, ondo pasatzea
Hori bai, ondo pasatzea eta gustura egotea da lehen premisa, bestela bertso eskolak ez du-eta zentzurik. Era berean, herrian eragile aktiboa da eskola: "Beti gaude gertu herrian egiten diren ekintzetan laguntzeko. Gero eta oihartzun gehiago izan, hobe". Hurrengo zita bihar bertan dute, Gasteizen. Arabako bertso eskolek 30 urte bete dituztela ospatzeko egun handia dute eta han izango da Aramaioko ordezkaritza.