Baina, atzerapenak atzerapen, egoitza berria estreinatu dute dagoeneko; hainbat urtez Kultur etxearen azpian ekoiztu ostean, orain leku egokiagoa dute lanerako.
Bertako sagardogile eta sagar-zuku ekoizleendako izateaz gain, Aramaiokoak ez direnek ere erabiltzen dute maiatzean inauguratu zen zentro berria. Funtzionamendua erraza da oso: norberak 600 kilo sagar eraman behar ditu, dolareko lana alperrik gal ez dadin. Beraz, kopuru horretara heltzen ez direnek beste interesatu bat bilatu beharko dute.
Beste baldintza bat da lantalde bat beharrezkoa dela: "Sagardoa zein sagar-zukua egiteko hiru pertsona ezinbestekoak dira", ziurtatu digu Enrike Galan Mendiolako zentroko arduradunak. Gaineratu du erabiltzen den materiala norberaren ardura dela: "Ni laguntzeko nago baina erabiltzen den guztia txukun utzi behar da hurrengoarendako". Bestalde, labur-labur azaldu digu nola egiten diren sagarraren eratorriak: "Hasteko sagarra txikitu egiten da dolarean, ordu eta erdiz. Sagardoa nahi bada, txikitutakoa kupelean sartzen da zuzenean. Sagar-zukua gura bada, berriz, pasteurizatu egiten dugu hemen bertan, 87 gradutan, eta gero botilaratu egiten da". Botilak ez baditu norberak etxetik eramaten litro bateko botila eta tapa bakoitzeko euro bat kobratzen dute. Lanari dagokionez, Galanek aitortu digu ekoizpenerako bi hilabeteak gogorrak izaten direla: "Bi hilabetetan urte osorako emaitza lortzen da eta beraz, jo eta ke aritzen gara".
Kepa Leiza , erabiltzailea: "Guretako 600 kilo gutxitxo da, baina aukera polita da"Arratiatik etorri zen Kepa Leiza sagar-zukua egiteko. Nola izan zenuen aukeraren berri? Lagun batzuen bidez. Eurak iaz izan ziren ASEkoekin zukua egiten eta aukera polita zela pentsatu nuen. Lehen aldia da, ea ona irteten den. Gustura eskaintzarekin? Bai. Guretako 600 kilo gutxitxo da, baina aukera polita da. Prezio aldetik ere ondo dago, nire ustez. Sagar-zukua egitera etorri naiz; sagardoa etxean egiten dut, 200 bat litro. Zukua etxerako eta lagunendako izango da. |
Xabi Mondragon, erabiltzailea: "Dena bertan egin dezakezu, beste baten laguntza barik"Arrasatekoa da Xabi eta hiru aldiz erabili du Mendiolako zentroa. Nolakoa izan da zure esperientzia? Oso positiboa. Lehen sektorean lan egiten duen lagun baten bidez izan nuen aukeraren berri eta dagoeneko hiru aldiz etorri naiz. Zer nabarmenduko zenuke Mendiolako zentrotik? Jende asko dago etxean birrintzailea, dolare edo fermentatzeko kupela duena. Zentro honek eskaintzen duena da dena bertan egiteko aukera, hirugarren pertsona bati laguntza eskatu barik. |
Hurrengoa, Irikiñ taldea
Irikiñ taldea izango da Mendiolako Ikerketa eta Berrikuntza zentroan sartuko den Aramaixo Basarri Barriko hurrengo taldea. Barazki eta frutak eraldatzeko sortu zen elkartea. Maiatza amaieran egin zuten taldearen aurkezpena eta egun lau bazkide dituzte: "Ez dugu bazkide gehiago behar, gaudenokin aurrera egingo dugu. Hori bai, ateak zabalik daude elkartean sartu gura dutenendako", adierazi du Adela Elejalde taldeko kideak.