Lehen ikastaroa euskaraz ez dakienei dago zuzenduta. Alfabetatze ikastaroa, berriz, euskaraz jakin bai baina idazten ikasteko, gramatika hobetzeko eta perfilak lortzeko antolatu du Udalak. Ikastaro horri bultzada berezia eman gura diote: "Euskara perfila ateratzeko interesa dutenei heldu gura dugu", adierazi du Rosa Mondragon euskara teknikariak.
Izan ere, azken urteetan taldeak ez du aurrera egin eta antolatzaileek gogora ekarri dute AEKk ematen duela ikastaro hori. Beraz, EGA ateratzeko prestatu nahi den herritarrak klaseak Aramaioko udaletxean bertan jasotzeko aukera izango du.
Mintzalagunak aurten ere bai
Bestalde, iaz sortu zen mintzalagun taldea ere gertu dago ikasturte berriari ekiteko. Euskaldun zaharrek euskaldun berriekin egiten dute topo eta helburua sinplea da oso: euskaraz berba egitea. Taldeko kide da Ane Miren Etxeberria: "Iaz astean behin elkartzen ginen, zapatu arratsaldetan. Aurten ere urri amaieran hasteko asmoa dugu".
Hamar bat lagun dira egun; batzuk hika lantzen dute eta beste batzuk normal aritzen dira euskaraz. Ateak zabalik daude gura duenarendako. Era berean, Arabako Mintza Eguna ospatuko dute bihar Murgian. Aramaioko taldea ez da bertan izango eta bat egiten dute deialdiarekin.
Erabilera sustatzeko lanean
Rosa Mondragonek azaldu duenez ikastaro horiek antolatzearen azken helburua euskararen erabilera bera sustatzea da: "Herritarrek euskaraz egin dezaten hizkuntza bera menperatzea ezinbestekoa da", dio.