Aramaio langabe gutxien dituen herria da oraindik

Jokin Bereziartua Lizarazu 2012ko urriaren 19a

Zuiako Koadrilak eta Otxandiok eskualderako Enplegu Plana garatzen dihardute. Ekimena Lanbideren 2012ko Enplegu-planaren barruan kokatzen da. Eskualdeko lan-egoera aztertzea izan zen proiektuaren helburua, gero eskualdeko lan-jarduera sustatzeko politikak martxan jartzeko.

Hau da, eskualdean enplegua bultzatzea eta garatzea gura dute, "lan merkatuko gorabeherak sortutako desorekak gainditzeko". Helburu orokorra da langabeei, egonkortasunik gabe diharduten emakume eta gazteei eta zenbait kolektibori laguntza ematea. Azterketaren arabera koadrilan bizi diren 11.000 lagunen artean langabezia tasa %11koa da.

Parte-hartze foroa
Planak eskualdeko produkzio-sektoreetan epe ertain eta luzera sor daitezkeen enplegu aukerak eta ekoizpen-jarduerak identifikatzeko balioko du, langileen kualifikazioa lan-merkatuaren egungo egoerara egokitzeko, eta enpresen beharren konexioa hobetzeko ere. Hala, enplegurako aukerak nola hobetu ere aztertu du irailean abiarazi zen planak. Egun dauden lanpostuei nola eutsi, enplegu politikak bereiztu eta informazio teknologiak garatu gura dute, besteak beste. 

Proiektuak ahalik eta adostasun handiena izan dezan lan-mahaiak eta parte-hartze foro bat sortu dute. Foro horretako buru da Lierni Altuna aramaioarra eta eztabaidarako leku horietan bertako erakunde, gizarte eragile eta enpresetako ordezkariek hartzen dute parte.

29 langabe Aramaion; Legution, 126
Irail erdialdean zehaztutako egutegiaren arabera, lan-egoeraren diagnosia egin dute dagoeneko. Aramaio da eskualde osoan langabe gutxien dituen herria, irailean hartutako datuen arabera. Irailean 29 langabe kontabilizatu zituzten (%3,5). Legutio eta Urkabustaiz herrietan zeuden langabe gehien irail amaieran: 68 gizonezko eta 58 emakumezko –126 guztira– Legution eta 42 gizonezko eta 39 emakumezko Urkabustaizen –81 langabe guztira–.

Zergatik dituen Aramaiok eskualde mailako langabe gutxien? Arrasaterekin duen harreman estua da arrazoi nagusia. Izan ere, asko dira Arrasateko industria-enpresetan lan egiten duten aramaioarrak. Udalak lehen sektorearen aldeko apustua egin du eta hala jasotzen da ikerketan; Aramaixo Basarri Barri fundazioa eta Aramaixo marka aipatzen ditu, besteak beste. Hala ere, biztanlegoaren %2,24ak bakarrik egiten du lan sektore horretan; industrian %42,38ak egiten du lan eta zerbitzuetan, berriz, %52,31ak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak