Juanjo Altuna bergararrak irabazi du Aramaioko kaleko pintura lehiaketa

Julen Iriondo 2012ko urriaren 13a

28 pintorek hartu zuten parte Itur Zuri emakumeen elkarteak antolatuta egubakoitzean –aurten 21. aldiz– Aramaion egindako pintura lehiaketan. Izaskun Altuna eta Sofia Larrañaga ama-alabak izan ziren herriko onenak.

Batzuk aterpean beste batzuk aterkipean, zenbait auzoetan beste zenbait Ibarran, goizean hasi eta 14:00ak bitartean taxutu zituzten euren koadroak, askotariko teknikak erabiliz: olioak, akrilikoak, akuarelak... eta sarituen artean ere denetariko lanak izan ziren.

Juanjo Altuna bergararrarentzat izan ziren irabazlearen 700 euroak; Carlos Espigarentzat bigarren saria (500 euro) eta Leticia Gasparrentzat hirugarrena (400). Herriko onenaren saria Izaskun Altunarentzat izan zen (150).

Eta, hain justu ere, Altunaren alaba Sofia Larrañagarena izan zen –epaimahaiaren ustez–, herriko txikiek aurkeztutako 39 lanen artean onena. Larrañagak eta Ibon Kortabarriak eta Iñaki Gabilondok –bigarren eta hirugarren– pintura materialetan gastatzeko 150 euroko txartela jaso zuten.

Lehiaketara aurkeztutako lanak Sastiñako ermitan egongo dira ikusgai egubakoitza bitartean, 18:00etatik 19:00etara.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak