Berdintasun Plana garatzeko diagnosia egin guran dabil Udala, herritarrekin

Jokin Bereziartua Lizarazu 2012ko urriaren 15a

Emakume eta gizonen arteko berdintasun diagnostikoa egin gura du Udalak. Horretarako Daiteke gizarte aholkularitza enpresarekin jarri dira harremanetan, Aramaion Berdintasun Plan eraginkor bat egiteko abiapuntua zehazteko. Hasteko, herriko errealitatearen diagnostikoa egin gura dute eta bai Udalak zein Daiteke enpresak berebiziko garrantzia eman diete herritarren iritziari. Diagnostiko horrekin joan den astean hasi ziren; herriko elkarte gastronomiko eta kultur talde ezberdinekin egin zuten hitzordua.

Orain herritarrekin egoteko ordua heldu da. Eguen honetan, hilak 18, herritar ororendako bilera irekia deituko dute udaletxeko osoko bilkuren aretoan (18:00). Udalak dei egin die herritarrei Berdintasun Plana egiteko lanean euren ekarpena egin dezaten.Maria Salsamendi Daiteke enpresako teknikariak azaldu digu topaketaren helburua: "Herriko elkarte eta taldeendako deialdia izan da, diagnostiko horretarako ekarpenak jaso ditzagun". Diagnosi horretan teknikari eta zinegotzien iritziak ere jaso dira, herria ahalik eta ordezkatuen egon dadin.

Diagnosi horretan jasotakoekin Berdintasun Plana garatuko da, helburu eta ekintza zehatz batzuekin. Edurne Uribarren-Iturrieta ongizate zinegotziaren arabera, Udalarendako "oso garrantzitsua" da Berdintasun Plana egitea: "Iritzi ezberdinak behar ditugu oinarri bat zehazteko. Oinarri horretatik abiatuz zer egin dezakegun aztertuko dugu".

Oso bizirik dagoen herria
Elkarte gastronomikoei eta herriko kultur taldeei egindako deialdiak erantzun ona izan zuen. Besteak beste, Papargorri eta Bizente Goikoetxea abesbatzetako, Lagunartea dantza taldeko, Txirritola euskara elkarteko eta Gazte Asanbladako ordezkariak izan ziren eta baita Izpizte eta Leizar-ondo elkarte gastronomikoetako bazkideak ere.
Daitekeko teknikariek elkarte horiek guztiak ezagutu zituzten.

Elkarteon sorrera-urtea, helburuak eta Udalarekin duten harremana galdetzeaz gain, bazkide edo partaideen artean zein ardura postuetan zenbat gizonezko eta zenbat emakumezko dauden galdetu zuten. Bilerak agerian utzi zuen Aramaio oso bizirik dagoen herria dela. Kasuak kasu, kultur taldeetan jende asko mugitzen da; Daiteke enpresako teknikariak harrituta geratu ziren.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak