Asteon hasi dute pilates ikastaroa, 13 laguneko bi taldetan banatuta

Jokin Bereziartua Lizarazu 2012ko urriaren 11

Aurten bigarren urtez, pilates egiteko aukera izango dute aramaioarrek. Klaseak asteon hasi dira eta oraingoz iaz baino jende gutxiago animatu bada ere, arrakasta handia izan du deialdiak.

Irakaslea iazko bera da, Danel Soria aretxabaletarra. Goiena Sport enpresarendako egiten du lan Soriak eta kontatu digunez, martitzeneko lehen klasea ondo joan zen: "Hasteko, pilatesa zer den eta zertarako den azaldu nien ikasle berriei. Izan ere, iaz egon zirenetako askok errepikatu egin dute. Azalpenaren ondoren arnasketa lantzen hasi ginen. Oso ondo joan zen".

Hastapen ikastaroa izan arren Goiena Sport enpresakoek progresio bat aurreikusi dute: "Bakoitzak bere erritmoa dauka eta ez da erraza izaten, baina ez dut uste arazorik egongo denik", dio irakasle aretxabaletarrak.

Aurten, aerobika ere bai
Aurten 26 lagunek eman dute izena. Iaz jende gehiagok eman zuen izena baina Soriak azaldu digu aurten aerobika egiteko aukera dagoela eta horrek akaso jende gaztea animatu duela. Izan ere, "bataz beste 40 urte" ditu pilateseko ikasleak. Soriak argi utzi digu adin guztietarako egokia dela, batez ere bizkarreko minak dituztenendako. Bi taldetan banatu dira: martitzenetan 19:30etik 20:30era elkartzen direnek eguenetan 20:30etik 21:30era batzen dira, eta alderantziz.

Osoko bilkuren aretoan
Aramaion gimnasiorik ez dagoela-eta osoko bilkuren aretoan biltzen dira pilates egiteko. Bixen Calzon Goiena Sport enpresako arduradunak azaldu digu ez dela lekurik aproposena: "Egokiena litzateke beste gela bat izatea, berogailu, ispilu eta horrelakoekin. Hala ere, moldatzen gara".

Ikastaroa martxan badago ere, izena emateko aukera dago oraindik: "Iaz azaroan hasi ginen baina urtarrilean baten bat ere animatu zen", gogoratzen du Soriak. Izena emateko udaletxera deitu behar da, besterik ez: 945 44 50 16.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak