Martin Arriolabengoa: "Baliozko ondare geologikoak badaude, baina ez da jende askorik mugitzen haiek ikertzeko"

Peru Arregi 2012ko urriaren 7a

Martin Arriolabengoa (Gasteiz, 1986) Geologian lizentziaduna da eta Geología Ambiental y Recursos Geológicos masterra dauka, Madrilen ateratakoa. Orain, Deba bailararen Kuaternarioko bilakaera geologikoa tesia egiten ari da.

Zergatik aukeratu zenuen geologia? Arrazoi bereziren bat?

Natura gustatu izan zait betidanik: paisaiak, mendiak... Geologia ikusi nuen aukeratzat, eta, nolabait esateko, abenturara sartu nintzen aurre-ezagutza handirik gabe. Zortea izan nuen.

Eta orain zein etorkizun ikusten diozu aukeraketa horri?

Tesia bukatu ondoren, Ameriketara joan nahiko nuke. Euskal Herri edo Espainia mailan, behintzat, ez dago lan aukera handirik. Horrenbestez, bi aukera dauzkat: edo ikerketan jarraitu edo kanpora joan.

Ikusten al duzu geologiarekiko interesik Euskal Herrian? Eta Debagoienean?

Egia esan, orain arte geologia ez da oso zabaldua egon Euskal Herrian, eta, nire ustez, gure errua izan da, geologoen errua, ez baitugu maneiatzen edo saltzen jakin.

Gaur egun, ordea, suspertzen ari dela esango nuke. Debagoienean, zehazki, ez, baina, adibide bezala, Zumaia eta Deba inguruan ireki berri duten Euskal Kostaldeko Geoparkea daukagu. Formazio geologiko asko aurkitu dituzte bertan, eta parke bilakatzea erabaki dute.

Beraz, gure inguruan aberastasun geologikoa sumatzen da.

Bai, sumatzen da. Geoparkearen harira, kostalde horretan ondare geologiko ugari daude:  flyschak (milioika urteko geruza harritsuak), karsta (kareharrietan urteen eraginez eratutako zuloak)... historia handia dago haien atzean.

Debagoienean, esaterako, Aramaio inguruko AHTren obretan, arrain fosilak aurkitu dituzte duela gutxi. Bertan ikertzeko aukera bilatzen ari gara, orain arte aurkitu ez diren fosilak baitira, baina, oraingoz, ez digute utzi. Bestetik, kobazulo formazio asko ere badaude [hemendik gertu Oñatin daukagu bat]. Euskal Herrian baliozko ondare geologikoak badaude, baina ez da jende askorik mugitzen haiek ikertzeko.

Lezetxikiko indusketetan ibilia omen zara, baina horren ikuspuntua arkeologikoa da… lotuta daude zientziaren bi arlo horiek, geologia eta arkeologia?

Bai, lotura dago. Azkenean, arkeologoek gizakien edo beste izaki batzuen aztarnak bilatzen dituzte, eta aztarna horiek sedimentu bati daude lotuta. Sedimentu hauek geologoek aztertzen dituzte; beraz, eskutik doazela esan dezakegu. Biak batera ikertzea garrantzitsua da.

Zer esango zenioke geologian sartu nahi duen gazte bati? Merezi du?

Bai, merezi du, gustatzen bazaizu, noski. Kuriositatea izango balu harriak atzean duen historiari buruz, animatzeko esango nioke, zalantzarik gabe.

Espeleologian ibiltzen zarela badakigu. Noiztik duzu zaletasun hori? Zertan gauzatzen duzu zaletasuna?

Zaletasun hori ez da oso zaharra niretzako, egia esan. Karreran hasi nintzenean, irakasle batentzako lanean hasi nintzen, eta honela sartu ninduen mundu horretan. Orduan hasi nintzen espeleologian, eta, azkenean, zaletu egin nintzen.

Orain asteburu batzuk hartzen ditut aktibitate horretan jarduteko; batzuetan lagunekin, beste batzuetan lankideekin... Hala ere,  espeleologia ez da oso ohikoa izaten niregan.

Zer izaten da ohikoa orduan? Zein beste zaletasun dauzkazu?

Mendira joatea betidanik gustatu izan zait. Gurasoek eramaten ninduten lehen, eta harrezkero zaletasun hori daukat.

Bestalde, musika ere gustatzen zait, noizean behin gitarrarekin ibiltzen naiz, irakurtzea gustatzen zait, eta abar.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak