Bereziki pozik agertu da Telleria: "Martxan jartzen duzun proiektu bat jendeari heltzea, interesa piztea eta gainera lanerako gertu agertzea lorpen handia da guretako". Herritarren artean interesa zerk piztu duen ere azaldu digu: "36ko gerrak badu halako iman bat. Jendeak gertuago sentitzen du garai historiko hori Burdin Aroa baino, eta interes handia piztu dute bala-zorro eta bestelako munizioak", dio.
Jatorri ezberdineko munizioa
Beraz, aurkikuntza aldetik ere oparoa izan da bigarren ekinaldia. Lehen ekinaldian baino munizio gehiago jatorri ezberdinekoa aurkitu dute. Iaz Txekoslovakiako eta Poloniako munizioa aurkitu zuten baina aurten Hungariako munizioaren markaketak ere agertu dira arakatu duten lur eremuan: "Munizioaz dakiten batzuekin egon gara eta eurak ere harritu egin dira hain eremu txikian halako barietatea ikusteaz".
Horrez gain, trintxera espero zutena baino handiagoa dela konturatu dira aurten. Lubaki nagusia babeslekuari –iaz han aurkitu zituzten kontserba latak eta animali hezurrak– eta beste komunikazio-lubaki batera lotuta dagoela ohartu dira eta lubakia ez da hor amaitzen, aurrera egiten du: "Pentsatzen dugu goialdean babesleku bat zutela eta komunikazio-trintxera baten bidez lotzen zela trintxera nagusiarekin". Telleriak adierazi digunez, oraindik ez dute amaierarekin jo: "Trintxera guk uste baino konplexuagoa da".
Burdin Aroari dagokionez, harresiarekin egin dute topo berriro ere, baina aurten hobeto kontserbatuta dauden tarteak azaleratu dituzte.
Hirugarren faserako dirurik ez
Aurkikuntzen berri emateko informazio panelak jarriko dituzte Murugainen bertan eta Aramaion. Orain bertan panelon diseinuarekin dabiltza lanean. Baina hirugarren fase bat badago oraindik, indusketa gunea bistaratu, zaharberritu eta atontzeko, "bisitagarri jartzeko". Oraingoz, baina, ez dago dirurik.