Maiatzaren 30ean inauguratu zuten Mendiolako Ikerketa eta Berrikuntzara zentroa. Udalak lehen sektorearen alde egindako apustuaren emaitza da zentro berria, beti ere Arabako Diputazioaren laguntzarekin gauzatua. Oraindik hirugarren fasea amaitzeke badago ere, Aramaioko zenbait ekoizle hasi dira lanean. Aramaioko Sagardogileen Elkarteko kideak, esaterako, abuztuan jarri ziren martxan.
Sagardoa bai, sagar zukua ere bai
Sagardoa ekoitzi dute dagoeneko eta sagar zukua egiten aurki hasiko dira, Beitiaren arabera: "Aste pare baten espero da zukua egiten hastea. Talde horrez gain, Irikiñ taldea ere badago, kontserbak egiten dituen elkartea. Irikiñekoek ere eskatu zuten Mendiolako zentroan lan egiteko aukera izatea eta dagoeneko materiala gertu dute martxan jartzeko. Hori guztia gora igo eta dena txukundu ostean lanean jartzeko moduan egongo dira. Oraingoz bi elkarte horiek daude martxan; poliki-poliki joango gara beste ekoizle batzuei zabaltzen", azaldu du ABB fundazioaren ordezkari berriak.
Preso gaixoen aldeko mozioa
Bestalde, martitzeneko osokoan preso gaixoen aldeko mozioa onartu zen Bildu eta Aramaioko Alkartasuna alderdien aldeko botoekin. EAJko Iñaki Nafarrate abstenitu egin zen.
Presoen egoeraz kezkatuta, nazioarteko eta Espainiako legedia oinarri hartuta, gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten hamahiru presoen baldintzapeko askatasuna eskatzen du Aramaioko Udalak. Madrilgo Barne Ministerioari eta kartzela zaintzako epaileari bideratuko diote ondoren erabakia.
Azkenik, joan den asteko osokoan urriaren 21eko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan mahaietan egon behar diren herritarrak ere zehaztu zituzten, zozketa bidez. Datozen egunotan jasoko dute jakinarazpena.