Hala, 2011ko txapelketako finalerdietatik zuzenean sailkatuta dauden 18 bertsolariekin bat egingo dute. Arabako bertsozale elkarteak aditzera eman duenez, aurre-kanporaketetako sei saioetan "giro goxoa" izan zen, bai bertsolarien artean eta baita entzuleen artean ere: "Nabarmen ikusi da 2012ko Koadrila arteko txapelketako harrobiak bere fruituak eman dituela".
30 bertsolaritik bost aramaioarrak dira
30 bertsolarietatik bost aramaioarrak izango dira: Manex Agirre 2011ko txapelduna, Andere Arriolabengoa, Xabi Igoa –horiek zuzenean sailkatu dira 2011n finalerdietan izan zirelako–, Paula Amilburu eta Maria Izaga. Azken biek aurre-kanporaketetan lortu dute txapelketan lehiatzeko txartela baina eta adierazi digute ez zutela horrelakorik espero.
Izagak honela dio: "Ez nuen inondik inora espero oso maila altua egoten da-eta. Oso jende ona dago eta ez nuen uste sailkatzeko moduko maila emango nuenik. Pozik nago, hunkituta". Amilburuk ere ez zuen uste 2013ko urtarrilean hasiko den txapelketan egongo zenik: "Gai arraroa jarri zidaten. Bortxaketa legitimotzat hartzen duen errepublikar baten paperean jarri ninduten eta zaila egin zitzaidan bertsoa osatzea. Sorpresaz eta oso pozik hartu dut albistea".
Gozatzera eta ikastera
Txapelketarako helburuetan ere bat datoz bertsolari gazteak –biak 1994an jaiotakoak dira–: "Lehen aldia izango da eta beraz, gozatzera eta ondo pasatzera noa. Eta baita ikastera ere, noski", diosku Izagak. Amilburuk ere ez du bestelako helbururik jartzen: "Sailkapenari begira ez da ezer egiterik egongo, oso maila altua egongo delako. Beraz, ondo pasatzera eta ikastera joango naiz".
Urtarriletik martxora arte
2013ko txapelketaren aurkezpena urtarrilaren 19an izango da. Kanporaketak, berriz, urtarrilaren 25, 27 eta otsailaren 1, 2 eta 3an. Finalerdiak otsailaren 16 eta 23an eta martxoaren 2an. Final handia, azkenik, martxoaren 16an jokatuko da, Gasteizko Printzipal antzokian.