Aramailur kontsumo taldea osasuntsu dago, saskian produktu berriak sartzeko asmoz

Jokin Bereziartua Lizarazu 2012ko irailaren 27a

Aramaio Basarri Barri fundazio barruan dagoen Aramailur kontsumo taldea aurrera doa. Ia bi urte pasa dira dagoeneko martitzenero udaletxeko arkupeetan biltzen direnetik eta Mikel Oceja presidentearen arabera taldea osasuntsu dago: "Eraikitzen jarraitzeko asmoz gabiltza eta ateak irekita daude gura duenarendako". Egun bederatzi familiak osatzen dute taldea; izena emateko nahikoa da martitzen baten hiltegi zaharrean agertzea, 19:00etan.

Duela urte bi hasi zuen bidea taldeak eta ordutik asko ikasi dutela dio Ocejak: "Taldea sortu zenetik asko ikasi dugu eta esperientzian oinarrituz familia bakoitzak etxera daraman saskia hobetzen ari gara". Izan ere, ia astero nobedaderen bat aurki daiteke saskian.

Denetariko barazkiak, esnea eta gazta dira saskiko izarrak baina asteon adibidez, sandia bana eraman dute etxera. Horrez gain, moxal-haragia ere hasi da sartzen eta asmoa dago Aramaiokoak ez diren zenbait produktu ere saskiratzeko, besteak beste, ardoa, arroza eta irina.

Aurrerantzean, hiltegi zaharrean
Egun bederatzi familiak osatzen dute taldea. Aramaiokoak dira gehienak baina badaude Legutiotik etortzen diren bi familia. Orain arte udaletxeko arkupeetan elkartu izan dira eta asteon lehenengoz hiltegi zaharrean egin dute hitzordua. Alex Mendikute taldeko kidearen arabera, askoz egokiagoa da leku berria: "Eguraldi txarrarekin hobeto gaude hiltegi zaharrean. Gainera, hozkailu txiki bat jarri dezakegu, ekoizleek haragia bertan utzi eta ondo kontserba dadin".

Mendikutek produktuen kalitatea goraipatzeaz gain, kontsumo taldearen filosofia defendatzen du: "Bertakoa, garaikoa eta ekologikoa dena hartzen dugu eta uneoro dakigu nora doan dirua".
Ateak zabalik daude beraz, eta izena emateko nahikoa da martitzen baten hiltegi zaharrean agertzea, 19:00etan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak