Durangora joan da Aramaioko auto karrera

Ander Monedero 2012ko irailaren 24a

Eguraldiak lagunduta, publikoak ikuskizun bikainaz gozatzeko aukera izan zuen.

Gasolina usainak eta eguraldiak dei egin zien zapatuan Euskal Herriko motorzaleei eta hauek ez zuten kalerik egin Aramaioko Rallysprintaren XI. edizioan. Izan ere, aparteko giroa egon zen Aramaioko Irubieta eta Andramariko bidegurutzearen artean dauden 7,8 kilometroetan.

Kirol kronika gehiago

Eguraldi onak ikusleak bakarrik ez, auto gidariak ere animatu zituen: askok zirkuitu lehorra izanda ohikoa baino gehiago estutu zuten eta nahiz eta istripu larririk ez egon, txapa istripu asko izan ziren.

Horren erakusle dira Iñaki Albediren Ford Scort MK2ak edo Pablo Pelaezen Citroen AX Sportak istripuek, bi gidariek ezin izan zuten lehenengo txanda bukatu. Baina istripu ikusgarriena Ibon Otaegiren BMW 325iak lehenengo mangan izan zuen: metarako 200 bat metrora autoaren kontrola galdu eta errepide ondoko zelai batean bukatu zuen. Zorte hobea izan zuten Aitor Arnaiz eta Joanes Uriak gidatutako Renault 5 GT Turboan: hirugarren txandan, Arraga eta Gantzagako bidegurutzean bazterra jo zuten baina helmugara iristea lortu zuten.

Baina Aramaioko XI. rallysprintean istripu txikiak baino askoz gehiago izan zen. Frogaren irabazleak, Iban Tarsiciok eta Joseba Zapirainek lehia bikaina izan baitzuten: Lehenengo bi mangetan Zapiriek gidatutako Peugeot 206 WRCa segundoen ehunekoengatik bada ere, Tarsicioren Mitsubishia azkarragoa izan zen. Azken txandan, ordea, Tarsiciok autoa estutu eta lau segundoko aldea atera zion Zapiraini.

Aurreko postuen lehiaz aparte, auto gidari askok ikuskizun ederra eskaini zuten, adibidez, Markos Landaren Opel Kadett GSIak eta Omer Artaloitiaren Ford Sierra Cosworthak. Bi pilotek izan zuten lehian Landa izan zen nagusi.
Ibilbidea ondo baino hobeto ezagutzen duen Inhar Amenabar aramaioarrak ezin izan zuen frogan parte hartu. R5 GT Turboa-ren parte hartu behar zuen, baina azken orduko arazoengatik ezin izan zuen irten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak