Olinpiar Jokoetan egindako lanagatik Udalak Maider Unda omendu behar zuela aprobetxatuz, Oletakoa izan da lehen txotxa egiteko ohorea izan duena ere: "Goxoa dago", esan du tragoxka egin eta gero.
Herriko alkatearen eta Uribarren-Iturrieta zinegotziaren eskutik, lorez betetako otarra eta koadroa jaso ditu aurretik: Ze opari, ze oparo, ia ezin da gorago! Londres txundituz zeharo. Aramaioko herria Maider zutaz oso harro dago, egindakoak balio baitu urreak baino gehiago! zioen bertan, eta bi dantzarik aurreskua dantzatu diote. Nahi izanez gero lortzea posible dela erakutsi duela esan die Undak herritarrei eta eurak ere animatzeko.
Arrakastatsua
Aramaioarrek herriko bederatzi sagardo eta egun bertako sagar zukua dastatzeko aukera izan dute, eta talo eta pintxoetatik ere gustura aritu dira, agortu diren arte. Txirritola elkartetik balorazio oso ona egin dute, jende asko eta jai-giro polita izan dutela azpimarratuz.