Txirritola Eguna domekan, euskara eta sagardo egarriz

Jokin Bereziartua Lizarazu 2012ko irailaren 20a

Euskarak eta sagardoak bat egingo dute domekan, Txirritola Egunaren bederatzigarren edizioan. 11:30ean hasita, trikitilariak izango dira herriko kaleak girotzen eta txotx irekiera 12:00etan izango da. Maider Unda Oletan bizi den borrokalari aramaioarrak egingo du lehen txotxa.

Udalak antolatu du omenaldia Londresko Olinpiar Jokoetan lortutako brontzezko dominagatik, Txirritola elkartearen oniritziarekin: aurreskua dantzatuko diote, oroigarri bat emango diote eta bertsorik ez da falta izango. Ondoren, Aramaioko sagardo ezberdinak dastatzeko aukera egongo da, baita taloak zein denetariko pintxoak jateko aukera ere.

Aurten bederatzi sagardogilek egin dute bat Txirritola Egunarekin. Aramaioko Sagardogileen Elkartekoak dira gehienak eta hori da Etor Arregiren kasua; ez du hutsik egiten: "Oso egun polita izaten da. Bakoitzak urtean zehar egin duen sagardoa beste sagardogileen artean dastatu eta hori guztia herriari erakustea itzela da". Sagar-zukua ere eramango dute batzuek.

Sagardoa bai, euskara ere bai. Izan ere, Txirritola elkarteak lan mardula egiten du eurendako urteko egunik handienean dena ondo irten dadin: "Lan handiena eskatzen digun ekitaldia da. Uda aurretik biltzen gara eta lan banaketa egiten dugu; hori bai, herriko taldeei eskatzen zaie laguntza eta beti erantzuten dute". Bederatzigarren egitaraua da aurtengoa eta horrek asko laguntzen du: "Hala ere, urtero nobedaderen bat sartzen saiatzen gara", dio Divina Arriolabengoa presidenteak. Bazkide berriak erakartzeko kanpaina ere egingo dute.

Alaiak-ekoak ere, festarekin bat

Era berean, Alaiak erretiratu elkartekoek bat egingo dute Txirritola Egunarekin. Urtero legez, 12:00etako mezaren ostean elkarteko bazkideendako bazkaria egingo dute kiroldegian, 14:30ean. 100 lagun inguru espero dira

Divina Arriolabengoa | Txirritola-ko presidentea

"Jende faltagatik premia larrian gaude"

2011ko maiatzetik  da Txirritola-ko buru Divina Arriolabengoa (Aramaio, 1969).

Domekakoa urteko egun handiena da zuendako, ezta?
Hala da. Elkartea hor dagoela erakusteko egun aproposena da, askotan ahaztu egiten zaigu-eta elkarte bat dagoela euskararen alde lanean. Era berean, guregana jende gehien hurbiltzen den eguna da. Egun polita izaten da, guk antolatu arren egunean bertan herriko hainbat taldek eta norbanakok laguntzen digute-eta.

Aurten ere bazkide kanpaina egingo duzue?
Bai. Jende faltagatik premia larrian gaude, azken urteetan bazkide gutxi sartu direlako. Zuzendaritza taldean jende berria aurkitzeko arazo handiak izan ditugu.

Etor Arregi | ASE-ko Sagardogilea

"Asturiaskoaren antzekoa da gurea"

Aramaion 15 urte daramatza, eta Txirritola Egunean urtero egon da Etor Arregi (Arrasate, 1968).

Noiztik zara sagardogile?
Etxean duela 20 urte baino gehiago hasi ginen sagardoa egiten. Sagarra ugari genuen eta konturatu ginen asko alperrik galtzen zela. Hasieratik sagardo polita irten zaigu eta Aramaioko Sagardogileen Elkartea sortzeko talde eragilean  ere egon nintzen, 2007an.

Nolakoa da zure sagardoa?
Gure sagarraren barietateagatik sagardoak puntu gozoa dauka. Gainera, fruta-gustua ere badu eta horregatik antzekotasun gehiago ditu Asturias aldeko sagardoarekin Euskal Herrikoarekin baino. Hemengoa garratzagoa da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak