Kultur Arteko Egunarekin "pozik" eta datorren urtean ere antolatzeko asmoz

Jokin Bereziartua Lizarazu 2012ko irailaren 17a

Aramaion lehenengoz antolatu da aurten Kultur Arteko Eguna: "Lehen aldia izateko ondo joan da. Protagonistak gustura izan direla esango nuke eta datorren urtean ere antolatzeko asmoa daukagu", dio Edurne Uribarren-Iturrieta zinegotziak. Zapatuan egin ziren ekitaldi garrantzitsuenak: Aramaion bizi diren kultura ezberdinak ezagutzeko mahai-ingurua eta denetariko jakien dastatzea.

Kultur Arteko Egunaren helburu nagusia izan da Aramaion bizi diren kultura ezberdinak identifikatu eta elkar ezagutzea, esperientziak trukatuz. Maiatza inguruan deialdi bat egin zuen Udalak eta etorkin asko animatu ziren; hala, denon artean antolatu zuten ekimena.

Eguenean, Sahararen inguruko bideo emanaldi bat egon zen eta egubakoitzean bable eta kultura astur-leondarraren inguruko beste saio bat. Sastiñan erakusketa txiki bat ere jarri zuten eguenetik domekara arte, kultura bakoitzaren gaineko informazioarekin.

Zapatuko ekitaldiak, "oso interesgarriak"

Hala ere, zapatua izan zen egun handia. Hasteko, mahai-ingurua egin zuten Sastiñan; jatorri ezberdinetako jendearekin, Espainia barrukoak zein kanpokoak: Sahara, Cabo Verde, Alemania, Frantzia, Garifuna –Guatemalakoak–, Andaluzia, Salamanka, Ekuador... Era berean, Manex Agirre aramaioarrak euskal kultura zer den azaldu zuen eta herriko talde ezberdinen ordezkariek ere euren jarduna azaldu zuten. "Oso interesgarria izan zen", antolatzaileen arabera.

Amaieran aurresku bat dantzatu zuten ekimenean parte hartu zuten guztiei. Ekitaldiekin amaitzeko, jatorri ezberdinetako jakien dastatzea egin zuten plazan.

Datorren urtean antolatzeko asmoa

Lehen aldia izan da antolatu dutena baina harrera ona izan duenez, datorren urtean ere antolatzeko asmoz daude: "Diru gutxi gastatuz antolatu dugu eta datorren urtean horretarako diru apur bat badago behintzat berriro ere antolatuko dugu", adierazi du Edurne Uribarren-Iturrieta zinegotziak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak