Nola izendatu zintuzten Alaiak erretiratu elkarteko presidente?
Presidente berria aukeratzeko batzarra egin baino bi egun lehenago enteratu nintzen. Sorpresa eraman nuen proposamena egin zidatenean, baina ondo pentsatu eta onartzea erabaki nuen.
Zeintzuk dira zure betebeharrak?
Hilean behin batzar bat egiten dugu elkartearen jardunari eta kontuei jarraipena egiteko. Gainera, ekitaldi bereziren bat egoten bada, bileraren bat edo beste ere tokatzen da. Eta noski, ia egunero egiten dut bueltatxoa egoitzatik zerbait behar den-edo begiratzeko. Bestalde, Gasteizko Las Cuatro Torres elkartearekin ere harreman estua dugu. Arabako erretiratu elkarte guztiak batzen dituen elkartea da eta urtean zehar zenbait ekintza antolatzen ditugu elkarlanean.
Hilaren 23an Aramaioko erretiratu guztiendako bazkaria egingo duzue. Zer dela eta?
Bazkaria urtero egiten dugu. Txirritola egunarekin batera antolatzen dugu; izan ere, giro polita egoten da egun osoan eta gu ere jaiaren parte izaten gara. Bazkarian izena emateko Caja Laboral edo Vital Kutxako kontuetan hamar euro sartu behar dira, besterik ez. Izena eman behar da irailaren 17a baino lehen.
Non izango da bazkaria?
Urtero moduan, kiroldegiko kantxan egingo dugu bazkaria. 100 bat lagun elkartzen gara eta espero dugu aurten ere antzeko kopurura heltzea. Lau zaharrenei oparia egingo diegu, noski. Catering enpresa bat arduratuko da janariaz.
Bazkariaz gain, zein beste ekintza antolatzen ditu elkarteak urtean zehar?
Urtero astebeteko irteera egiten dugu. Iaz Cadizera joan ginen. Aurten ez dugu erabaki nora joan, oraindik bidaia agentziarekin adostu behar dugu-eta. Aste Santua pasa ostean egin ohi dugu.
Zein da zuen behar nagusia gaur egun?
Zaharren egoitza da gure premia nagusia. Eguneko Zentroa ondo dago, baina menpekotasuna dutenak ezin dira joan. Gure ustez, ez da nahikoa. Aurreko legealdian, Diputazioan zuzenean egin genuen eskaera. Badakigu Covadonga Solaguren diputatuak idatziz utzi zuela eskaera, baina, dirudienez, hor geratu da. Ordutik ez dugu nobedaderik jaso. Horrez gain, podologo zerbitzua ere eskatzen aritu gara. Leku egoki bat beharko genuke, besterik ez. Izan ere, gu prest gaude zerbitzu hori kudeatzeko.
Nolakoa da Udalarekin duzuen harremana?
Harremana estua da. Hainbat alditan biltzen gara eta askotan elkarlanean egiten dugu lan. Datorren domekan, esaterako, luncha Udalak jarriko du eta gu konprometitu gara elkarteko ateak ireki eta bertan egiteko. Leku egokia dela uste dugu eta prest gaude laguntzeko.