Edurne Uribarren-Iturrieta: "Kanpotar batzuk integratuta daude, baina oraindik lan handia dago egiteko"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2012ko irailaren 11

Aramaion bizi diren kanpotarrak integratzea helburu duen ekimena antolatzen dihardu Edurne Uribarren-Iturrieta ongizate zinegotziak. Lehen aldia da eta herritarrek parte hartzea espero du.

Lehenengoz antolatu duzue Kultura Arteko Eguna. Zer da?

Aramaion bizi diren kultura ezberdinak elkartu eta esperientziak trukatzeko ekintza bereziak antolatzea pentsatu genuen. Izan ere, denetariko kultura eta herrialdeen ordezkaritzak ditugu Aramaion: Venezuela, Garifuna [Guatemalako lurretan dago], Ekuador, Cabo Verde, Sahara, Alemania, Portugal, Frantzia... Eta baita Estatu espainiarraren barruan dauden bestelako kultura eta pentsaerak ere: Andaluzia, Extremadura, Galizia... Noski, Euskal Herriak ere izango du bere lekua. Lehen aldia da eta ez dakigu nola irtengo den; espero dugu parte-hartzea ona izatea. 

Zergatik denok biltzeko beharra? 

Elkar ezagutzeko. Herritar askok badakite kanpoko jendea dagoela baina ezer gutxi dakigu euren kultura eta ohiturez. Halako ekintzek kanpokoei integratzeko aukera ematen dietela uste dugu.  

Eguenetik domekara arteko egitaraua prestatu duzue. Zein ekitaldi nabarmenduko zenuke?

Eguen eta egubakoitzerako bideo emanaldi interesgarriak antolatu ditugu. Zapaturako, bestalde, mahai-inguru bat prestatu dugu. Asmoa da kultura ezberdinetako herritarrak bildu eta hobeto elkar ezagutzea; Manex Agirre aramaioarrak Euskal Herriko ohiturak azalduko dizkie kanpotik datozenei. Munduko mapa bat ere jarriko dugu norberaren jatorria zehazteko. Gainera, herriko elkarte eta taldeei gonbidapena egin zaie mahai-inguru horretan parte hartzeko. Hala, parte hartuko duten elkarteek zer egiten duten azalduko diete, labur-labur. Izan ere, Aramaio ulertzeko ezinbestekoa da herrian dauden elkarte ezberdinen zeregina ezagutzea. Amaitzeko, janari dastatzea egingo dugu, eta jatorri askotariko denetariko jakiekin.   

Erakusketa bat ere jarriko duzue. 

Herrialde edota kultura ezberdinen ezaugarri nagusiak erakutsiko ditugu panel batzuetan. 

Nola baloratzen duzu Aramaio hain plurala izatea kultura aldetik? 

Oso aberatsa da guretako. Dibertsitatea ematen dio herriari, hau da, beste ikuspuntu batzuk egon badaudela erakusten digu. Batzuk oso integratuta daude herrian, baina oraindik lan handia dago egiteko. Kultura Arteko Egunak eginbehar horretan laguntzea espero dut.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak