Goizeko bederatzietan ireki ditu ateak Aramaioko San Martin eskolak, eta ordurako ikasl piloa zeuden zain, asko eta asko, gurasoek lagunduta. Gogo gutxirekin, baina era berean irribarretsu eta kontu kontari zebiltzan. Egon da negarrik egin duenik ere, baina tristura baino, logurea zen nabariago aurpegietan; hasierako kezkak eta beldurrak ere ez dira falta izan. Gurasoen artean aldiz, egunerokotosaunera itzultzeko desiatzen zeuden batzuk kontatu digutenez.
2012-2013 ikasturtea, abian
Gaur goizean Aramaion aurkitu ditugun bezalako egoerak eta aurpegiak oso ohikoak izan dira egunotan Debagoieneko zein Euskal Herriko ikastetxe gehienetan. Eta oraindik ere ikusi ahalko dira: astelehenean ere asko eta askorentzat ikasgeletara heltzeko ordua helduko da-eta.
Asteon Durangon egindako ikasturte hasierako ekitaldian Isabel Zelaak, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailburuak, jakitera emandako datuen arabera, 356.421 ikasle izango ditu unibertsitatez kanpoko Euskal Hezkuntza sistemak, iazko ikasturtean baino ia 6.831 gehiago. Ikasle gehiago bai, baina irakasle kopurua iazkoaren antzerakoa izango da.
Aurten ere, eta azkeneko bi urteetan gertatu den bezala, sare publikoak matrikula gehiago izango ditu kontzertatuak baino. Ikasleriaren %50,7 eskola publikoetan egongo da. Hizkuntza ereduei dagokienez, D ereduaren barruan ikasiko dute ikasleen %61,4k. Ingelesa, gaztelera eta euskara bere barne hartzen dituen marko hirueledunean bestalde, 118 ikastetxe eta 12.000 ikasletik gorak hartuko dute parte.