Dhaidumek hirugarren uda pasa du Aramaion, Muru auzoko nekazal turismoaren jabe diren Mario Serrato eta Paki Gilekin batera: "Etxean moduan ibili da, alde batetik bestera. Integratzeko arazorik ez du izan: zaldiekin ibili, baserritarrekin harremana egin... ederto ibili da", dio Serratok. Gainera, euskaraz egiten ere ahalegindu dela dio Serratok.
Lastima aurtengoa izan dela azkena: 12 urte bete dituenez, datorren urtean ez du etortzerik izango: "Bi hilabetez gure artean izan ostean agurtzea beti da gogorra baina aurten are gogorragoa izan da", adierazi du.

Dhaidum –erdian– Mario Serrato eta Paki Gilekin.
Nafisa lehenengoz, eta ederto
Nafisa, berriz, lehenengoz izan da Aramaion. Yolanda Sillero eta Iñaki Larrañagaren etxean izan da, Gureian: "Betidanik izan dugu laguntzeko irrika hori eta aurten aukera baliatzea erabaki dugu. Gure alabekin irteten zen eta beraz, ez zuen arazorik izan integratzeko. Gure alabak ere pozik, lagun berria egin dutelako", esan digu Larrañagak.
Abuztuaren 25ean egin zuen Nafisak bueltako bidaia: "Agurra oso gogorra izan zen, oso maitekorra da-eta. Datorren urtean berriro ere ekarriko dugu, gauzak ez badira gehiegi aldatzen behintzat". Azkenik, beste familia batzuei gomendatzeko esperientzia dela uste du Larrañagak.
Nadya, Txernobildik Azkoagara
Txernobilen Lagunak elkarteari esker, bestalde, Ukrainako Nadya izeneko 12 urteko neska Azkoaga auzoan izan da Mirari Korta eta Etor Arregiren familiarekin. Lehen aldia izan da eurendako eta "oso esperientzia aberasgarria" izan da, Mirarik dioenez: "Zorte handia izan dugu. Badakigu esperientzia guztiak ez direla onak izaten baina gure kasuan ez dugu kexarik". Integratzeko ez du arazorik izan: "Auzoko zein herriko jaietan, udalekuetan... gure alabarekin batera irteten zen eta oso gustura ikusi dugu".
Horren seinale da datorren urtean errepikatzeko geratu direla: "Nadyak bueltatzeko gogoa zuela esan zigun eta gu ere gertu gaude ekartzeko. Beraz, okerrik ezean, hemen izango da datorren udan". Agurra, gogorra: "Txernobilera bueltatzeko 200 haur baino gehiago elkartu ziren aireportuan. Negarrak, barreak eta denetariko emozioak izan ziren nagusi", adierazi du Kortak.