Aramaioko ume gehienak Otxandioko igerilekuetara joaten dira, baita Aramaion bizi diren Arrasateko zenbait familia ere. Kurtzeta igo eta jaitsi beharra dago baina igerilekuek merezi dute, Ana Muñoa amaren arabera: "Otxandiora heltzeko bidea ez da erosoa baina igerilekuak oso ondo daude. Bi igerileku ditu, txikia eta handia, eta baita etzanda egoteko leku asko ere; berdegune ederrak ditu. Gainera, oso lasaia da".
Otxandioko igerilekuetara 70 bat aramaioar, asteon
Asteon egin duen eguraldiarekin, gainera, Aramaiotik jende asko joan da. Astelehenean, adibidez, 18 bat auto irten ziren Aramaiotik; 70 lagun inguru. Gainera, Aramaioko eta Otxandioko udalek 2011ko martxoan sinatutako hitzarmenari esker, aramaioarrek otxandiarrek moduan ordaintzen dute igerilekuetarako sarrera. Hau da, helduek lau euro eta haurrek bi euro eta erdi.
Era berean, baina, Muñoak jakinarazi du gurasoen artean hainbat alditan hitz egin izan dutela Udalari autobus zerbitzua eskatzeko: "Norbera bere autoan joaten da eta ondo legoke Udalak autobus txiki bat jartzea uda sasoirako. Hala ere, oraindik ez dugu inongo eskaerarik egin".
Albiña, gazteen gustuko
Ume gehienak Otxandiora, beraz. Hori bai, urte gutxi barru Albiñara joaten hasiko dira. Izan ere, gazte aramaioarren artean Albiña da bainurako leku gustukoena: "Gazteok Albiña dugu gustuko. Gidabaimena atera arte auto-stop eginez edo bizikletan joatea da ohitura. Hori bai, behin autoa izanda bat baino gehiago hondartzara joaten da", adierazi du Oier Kortabarria gazte aramaioarrak. Zikinkeriaz kexu da: "Edukiontziak errepide ondoan daude baina jende gehien egoten den lekuetan zikinkeria askotxo pilatzen da zoritxarrez".