Aramailur taldeko Judith Arriolabengoak adierazi digu gaiak herritarren interesa piztu zuela: "Sorpresa atsegina jaso genuen, 30 bat lagun elkartu ginen-eta. Kopuru horrek erakutsi digu gaiak interes handia pizten duela".
Zapatuan herri inguruan bueltatxoa egin zuten sendabelarrak jasotzeko: "Zein gertu ditugun ikusteko balio izan zuen; hiru pauso eman eta lehen sendabelarra aurkitu genuen", dio Arriolabengoak. Bi orduko bueltatxoa izan zen, sendabelar bakoitza hartu eta identifikatzera geratuz, Andra Mari ermitara arte.
Esperientziak elkartrukatzen
Beste helburuetako bat, esperientziak trukatzea: "Herrian badago jendea gaiaz badakiena eta bataren zein bestearen esperientziak elkartrukatuz, denok ikasi genuen". Txortaloa –poleo– eta beste hainbat sendabelar jaso eta Herriko plazara eraman zituzten, bakoitzaren propietateak ezagutzeko. Izan ere, Sastiñan kontsultarako liburuak zituzten.
20 bat lagun elkartu ziren zapatuan ere: "Eguraldi iragarpenak ez ziren onak baina espero baino jende gehiago agertu zen. Plazan geundela zenbait herritar etorri zitzaigun zertan ari ginen galdezka", azaldu du, pozik, Arriolabengoak.