Izan ere, martitzenean Zigoitiko Euskararen Egunean batu ziren Zuiako Koadrilako udalerri guztietako haurrak, udalekuak modu bateratuan agurtzeko. Eguraldia lagun, egun ederra igaro zuten puzgarri, talo tailer, denetariko jolas eta disko-festarekin. Gainera, udalekuetan erakargarrienak izan ohi diren igerilekuetarako irteeretan –hilaren 12an eta 13an– eguraldia "primerakoa" izan da.
"Ia eskola osoa udalekuetan"
Parte hartu duten ume kopurua ere nabarmendu beharra dago, Aramaion inoiz izan diren udalekurik jendetsuenak izan dira-eta aurtengoak: "Ia eskola osoa izan da udalekuetan. 115 umek hartu dute parte eta San Martin eskolan 140 daude. Kontuan izan behar da, gainera, 2 urtekoek ez dutela udalekuetan parte hartzen". 3 eta 12 urte arteko haurrak izan dira guztiak eta horien zaintza eta heziketaz 12 begirale arduratu dira, aramaioarrak guztiak. Gainera, Saharako bi ume eta Ukrainako bat ere ibili dira eta baita eskolan ikasten ez duten beste zortzi haur ere.
Galleta tailerra nobedade
Ekintza arrakastatsuenak –Otxandioko igerilekuetara egindako irteeren ostean, noski– izan dira Sanferminetako entzierroa, Pablo Beitiaren txanpon bildumaren erakusketa eta Mendiolako IBZ zentrora egindako bisita. Eraikinera sartu ez arren, udaletxean izan ziren haurrak, zentro hori zertarako izango den jakiteko. Nobedaderen bat ere izan da; galleta tailerra, besteak beste. Datorren urtera arte!