Murugaingo indusketen bigarren faseko auzolanen lehen saioa, oso arrakastatsua

Jokin Bereziartua Lizarazu 2012ko uztailaren 19a

Asteon hasi dira indusketak Murugainen eta atzo egin zuten auzolanean oinarritutako lehen saioa. Bederatzi aramaioarrek egin zuten bat deialdiarekin, gazte zein heldu.  Azken txanpan agertu ziren 36ko Gerrako kontserba lata zati batzuk eta zenbait bala zorro. Hilaren 28an amaituko da indusketa lan horien bigarren fasea.

Iaz Ondare Babesa enpresako arkeologoek bakarrik egin zituzten indusketak, baina aurten planteamendua bestelakoa da. Hau da, bigarren fase honek auzolana du oinarri. Horregatik, astelehenean bertan igo ziren arkeologoak indusketa eremu berria ireki eta auzolanean parte hartuko dutenei dena prest uzteko.

Izan ere, Ondare Babesako adituek gura dutena da Burdin Aroko zein Espainiako Gerrako aztarnak herritarrek eurek aurki ditzatela. Aztarnok aurkitzearen gozamena irabazia dute Murugainera igo eta lurra altxatzea borondatez egiteko gogoa erakutsi duten herritarrek. Are gehiago, atzoko lehen saioan egin zuen bero kiskalgarria egiten badu.

Bederatzi herritar, "espero baino askoz gehiago"

Atzo bederatzi aramaioar elkartu ziren, gazte zein heldu. Beste herri batzuetan gertatzen ez den moduan, Aramaion auzolanerako ohitura bizirik dagoela erakusten du horrek. Etor Telleria arkeologoak pozik hartu zuen albistea.
Auzolanean parte hartu zuen aramaioarretako bat da Oier Kortabarria. Auzolanerako egunak zehazteko bileran egon zen eta pozik zegoen lehen saiora bederatzi lagun agertu zirelako. Uztaileko egunik beroena aukeratu izanari ere alde positiboa atera zion

Lehen aztarnak agertu dira dagoeneko

Iazko esperientzian oinarrituz arkeologoek bazakiten aztarnak aurkitzeko lur asko atera behar dela. Bada, atzo hamaiketakoan indarrak berreskuratu ostean eta indusketa saioaren azken txanpan agertu ziren 36ko gerrako kontserba lata zati batzuk eta zenbait bala zorro. Uztailaren 28an amaituko da bigarren fasea eta irailean emango dute aurkikuntzen berri.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak