Hiru taldek osatzen dute Papargorri abesbatza, guztira 33 kantari daude, adinen araberako hiru taldetan: txikienak 7 urtetik 10era artekoak, erdikoak 10 urtetik 14 urtera artekoak eta nagusiak, azkenik, 14 urtetik gorakoak. Entseguei dagokienez, txikienak eguenero biltzen dira entseatzeko eta gainerako bi taldeak, berriz, egubakoitzero–erdikoak 18:00etatik 19:00etara eta nagusiak 19:00etatik 20:00etara–.
Harrobia badago
Urte osoan zehar 12 bat saio ematen dituzte: "Kantaldi horiek ez dira izaten maila berdinekoak, ez zailtasun aldetik eta ezta luzapen aldetik ere", diote. Aramaioko kanturako zaletasuna beti egon da eta abesbatzak harrobia ezinbestekoa da zaletasun hori mantentzeko. Eta harrobia badago Aramaion: "Txikiek asko ikasten dute, erdikoek oso ondo abesten dute eta nagusiak izugarri onak dira. Bakarka abesten dutenean ere arrakasta handia izaten dute", adierazi dute irakasleek.