Azkoaga auzoko saneamendu lanak ez ziren 2012ko aurrekontuan aurreikusi, Udalak urte hasieran ez zuelako ahalmen ekonomikorik lanok suposatzen duten gastuei aurre egiteko. Bada, orain gutxi jasotako diru sarrera batzuk direla-eta, martxan jarri dute proiektua. Atzoko osoko bilkuran onartu ziren saneamendu lanok martxan jartzeko oinarrizko puntuak.
Ur zikinak Ibarrara bideratzea
Zertan datzan obrak? Auzoan dauden hobi septikoetako urak Aramaio ibaira isurtzen dira egun eta proiektu honek aurreikusten du urok jaso eta auzoko baserri bakoitzak dituen hobiak ezabatzea. Hala, asmoa da ur zikinak Ibarrara bideratzea. Proiektua plan orokor baten barruan kokatzen da, hau da, beste auzo batzuetan dagoeneko eginda dauden saneamendu lanak falta diren auzoetara zabaltzea gura du Udalak. Hori, noski, Diputazioko diru-laguntzek ahalbidetzen badute izango da.
%80a, Diputazioaren eskutik
Obraren aurrekontua 250.000 euro pasatxokoa da. %80a, 200.000 euro inguru, Diputazioak ordainduko du eta gainerako %20a, berriz, Udalak. Diputazioak hitzezko konpromisoa agertu zuen eta asteon zen egitekoa jakinarazpen ofiziala. Andoni Solupe Hirigintza zinegotziak nabarmendu du diru-laguntza hori aprobetxatzearen beharra: "Obra honi garrantzia eman gura diogu denondako ona izango delako. Baina aurten egin behar da derrigorrez, bestela 200.000 euroko laguntza galduko dugu eta murrizketak direla-eta ezin dugu jakin lanok noiz egin ahalko diren".
Auzotar gehienekin egon dira
Hortik lanak martxan jartzeko prozesua lehenbailehen abiarazi behar izatea: "Auzotar batzuk galdetu digute ea zergatik egin behar den orain, prisaka. Lanak neguan eta eguraldi txarrarekin egin behar izatea ez zaie gustatu. Baina obra hau ez zen egin behar eta azken orduko aukera baliatu behar dugu, bestela auskalo noiz egingo den". Auzotar gehienekin elkartu dira eta egoteke daudenekin datorren astean elkartuko direla adierazi du Solupek.
Egon diren auzotarrekin orokorrean guztien oniritzia jaso dute baina kexaren bat egon dela onartu du zinegotziak, eta "normala" dela gaineratu: "Batzuek eskatu digute in situ jakin gura dutela noraino kaltetuko dieten lanek. Joango gara eta erakutsiko diegu". Izan ere, obra zuzenduko duen Arabako Lanak S.A. enpresak ziurtatu du datozen bi asteetan egongo direla kaltetuekin obra zertan datzan zehatz-mehatz azaltzeko.
Lau hilabeteko lanak dira eta beraz, uda ostean hasi beharko dira. Lanak esleitu eta prozesua osoa martxan jarri, eguraldi txarrak ekar ditzakeen atzerapenekin: "Denboraz oso justu gabiltza", aitortu du zinegotziak.