Aste bukaeran Santa Marina jaiak ospatuko dituzte Arexola eta Arriolan

Jokin Bereziartua Lizarazu 2012ko uztailaren 10a

Santa Marina jaiak datoz aste bukaera honetan Arexola eta Arriola auzoetako bizilagunendako. Hala, egubakoitzean hasi eta domekara arte egitarau zabala antolatu dute auzotarrek, jaiok auzotarrek auzotarrendako eginak dira-eta. Hori bai, noski, kanpotik datozenak ongi etorriak izango dira. Haur, gazte zein helduendako egitaraua prestatu dute.

Egubakoitzean, 20:00etan, hasiko dira jaiak etxafuego eta kanpaien errepikapenaz. Eta jaietako lehen egunean ohitura denez, 21:00etan auzoko bertso afaria egingo dute Uxue Alberdi eta Iker Zubeldiarekin.

Bizikleta lasterketa zapatuan

Zapatuan, berriz, egun osorako egitaraua prestatu dute: 12:00etan meza, 13:00etan Ibarra auzotik Arexolara bizikleta lasterketa, 17:30ean mus eta briska txapelketa plazan eta Arexolatik Arriolara arteko kalejira, 19:30ean kanpai jotzearen erakustaldia eta 23:00etan dantzaldia Laja bigarrena eta Narbaiza trikitilarien eskutik.

Parrandarekin behar den moduan amaitzeko, goizaldean txokolatea eta bizkotxoak banatuko dituzte. Zapatuko ekitaldien artean, bizikleta lasterketa nabarmendu beharra dago, urtero adin guztietako hainbat parte hartzaile batzen ditu-eta. Gaztetxoek primeran pasatzen dute; antolatzaileek espero dute aurten ere hala izatea.

Domekan, meza, dantzariak eta umeendako jolasak

Zapatuko ajeari aurre egiteko hiru ekitaldi izango dira domekan: 12:00etan meza nagusia, mezaren ostean Aramaioko dantza taldearen emanaldia eta 18:00etan umeendako jolasak. Jolasen ostean datorren urtera arte agurtuko dira jaiak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak