Hasteko, nola baloratzen duzu AOBTren orain arteko ibilbidea?
Herri txiki bat gara eta mugitzen garenok saltsa guztietan ibiltzen gara. Urtero antolatzen dira lan batzuk eta gutxinaka gauzatzen dira. Gaur egungo bizimodua nolakoa den ikusita –lanez lepo eta alde batetik bestera prisaka gabiltza egun osoa–, ezin gara kexatu, poliki-poliki lanak aurrera irteten dira-eta.
Orain bertan Murugaingo indusketak dituzue begiz jota. Badirudi herritarren interesa piztu dutela.
Murugaingo indusketek herritarrengan interesa piztu dutela agerikoa da, hori ere iaz ikusi genuen. Hala ere, hasieran asko kostatzen da jendea mugitzea eta lehen bilera horretan agertu zirenekin sorpresa atsegina eraman nuen. Bospasei lagun agertu ziren eta egia esan behar badut jende gutxiago espero nuen, oso gutxi izaten dira-eta auzolanerako gertu egoten diren herritarrak. Halakoak justifikatzea ez da erraza izaten, boladak izaten dira; orain badirudi bolada ona hartu dugula, eta aprobetxatu behar.
Nik uste jendeak erantzungo duela; lehen bilerak utzitako sentsazioak behintzat oso onak dira. Ateak erabat irekita ditugu lan egin gura duenarendako.
Zeintzuk dira indusketen bigarren faserako dituzuen aurreikuspenak?
Lubakietan aurki daitekeen material belikoa da erakargarriena jendearendako. Material gehiago aurkitzea espero dugu. Espainiako Gerra gertu dago oraindik eta isilpean eta sufrimenduz eraman dute askok. Hori da interesa piztu izanaren arrazoietako bat.
Oraindik enteratu ez denarendako: zer egin behar da indusketetan parte hartzeko?
Kartelak jarriko ditugu kalean, baina errazena da udaletxera jo eta han informatzea. Jendearen asmoen arabera zehaztuko ditugu indusketa eremuak, beti ere Ondare Babesako langileen gidaritzapean. Lan egitera datorren jendea ondo etorria izango da, bai horixe.