Domina bat irabaztea nahi duzula adierazi duzu garbi, eta urrearekin amets egiten duzula.
Kirolariok dugun ezaugarrietako bat anbizioa dela uste dut, beti nahi izaten dugu gehiago, eta horretarako egiten dugu gogor lan. Ni, behintzat, ez naiz Joko Olinpiarretara joatearekin konformatzen. Dagoeneko bizi izan dut esperientzia hori, eta orain, etxetik gertuago egonda, seguru nire aldeko animuak jaso ahal izango ditudala. Zerbait handia egitea demasa izango litzateke niretzako.
Kirolari gutxik egiten dute horren garbi berba, euren burua ez presionatzeko-edo. Ez da zure kasua.
Izan ere, zertarako entrenatzen naiz, bestela? Pausoz pauso joan nahi dudala esateko? Zu ez zara nirekin entrenatzen egoten, ezta? [Barre] Ba, egun batzuk oso gogorrak izaten dira. Oso gogorrak.
Zure azken aukera da?
Bai, geroago eta garbiago daukat hori. 35 urte dauzkat, eta Rioko Joko Olinpiarretan 39 urte izango ditut...
Urrea irabazita ere ez zenuke beste joko batzuetan parte hartuko?
Bueno... [Barre]. Egia da Londresen egingo dudanak datozen urteotako jarduna baldintzatuko duela, baina ez beste joko batzuetara joatea... Nire gorputzari atseden eman nahi diot, batez ere lasaiago ibili. Garbi daukadana da Londresko jokoen ostean borroka librea ez dudala kolpean utziko, txapelketetan parte hartzen gozatu egiten dudalako.
Azken parte-hartzea dela jakiteak kontrarioen aurrean arriskutsuago egiten zaitu?
Baliteke. Badakit nire azken aukera dela eta dena eman behar dudala. Ez dut inongo asmorik kontrarioei abantailarik emateko. Nik aprobetxatu behar ditut aukera guztiak.
Duela lau urte, Txinako jokoen ostean, argi zeneukan beste aukera bat izango zenuela?
Hori sinetsi nahi nuen, baina egia da belauneko lesioaren ostean gauzak dezente aldrebestu zirela. Nik eta nire entrenatzaileak garbi geneukan ondo errekuperatzeko eta hitzordura iristeko gauza izango nintzela, baina ordurako 33 urte nituen, lesio larria zen, eta ingurukoek ez dakit horren garbi ote zuten.
Borrokalari guztiek ezagutzen duzue elkar. Zeintzuk izango dira kontrario gogorrenak?
Bueno, guztira, 18 borrokalari izango gara, baina hainbat selekziotan azken orduko aldaketak egongo dira, eta denak ez ditut ezagutzen. Estatubatuarrek eta errusiarrek ez dute sailkatu zena eramango, Txinatik ez dakigu nor joango den... Horiek albiste onak dira, euren herrietan borrokalari ezagunak direlako, baina nazioartean ez direlako puntako borrokalariak. Faboritoak, baina, gutako edozein gara. Denok iritsiko gara gorputzaldi onean, eta sekulako gogoarekin.
Zozketa bidez erabakiko dira kontrarioak?
Bai, eta oso erabakigarria izan daiteke hori. Ea zortea dugun.
Duela lau urteko Olinpiar Jokoekin alderatuta, fisikoki zelan zaude?
Nik uste dut oso egoera onean iritsiko naizela Londresera. Gainera, lau urteko esperientzia daukat, eta halakoetan balio handia du horrek. Pekinen, esaterako, Kanadako borrokalariarekin indar guztiak xahutu nituen, ez nuen uste horrenbeste kostatuko zitzaidanik hura mendean hartzea, eta orain badakit indarrak hobeto neurtu behar ditudala, kanporaketa bat bestearen ostean datorrela
Jokoetarako sailkapen fasea oso gogorra izan zen, munduko alde batetik bestera ibili zinen hilabetez. Indarberrituta?
Bai, bai. Bi asteko oporraldia eman zidaten, eta oporrak amaitu aurretik itzultzeko gogoz nintzen. Fisikoki ondo errekuperatu naiz, eta psikologikoki ere konfiantza hartu dut. Nahiz eta azken orduan sailkatu naizen, ondo erantzun dudala ikusteak indarra eman dit.
Londresera joan aurreko hilabete hau zelakoa izango da?
Egubakoitzean [gaur] Madrilera noa lehiatzera, eta Joko Olinpiarretan izango garen hamar borrokalari batuko gara bertan. Gutako bakoitzak indartsu dagoela erakutsi nahiko du, eta txapelketa gogorra izango da. Ondorengo egunak Madrilen egingo ditugu entrenatzen, eta etxera itzuliko naiz gero. Azken asteak lasaiagoak izango dira, intentsitatea mantentzea komeni da, baina entrenamendu motzak izango dira. Hala, abuztuaren 5ean abiatuko gara Londresera.
Aipatu duzu Londresen ez duzula agur esateko asmorik.
Ez, horrenbeste urtez lehian eta gogor entrenatzen ibili ostean ez diot nire gorputzari halakorik egin nahi; hau da, kirol hau bat-batean utzi. Garbi daukat erritmoa jaitsi nahi dudala, bizimodu normalagoa izan nahi dudala, elitean gabiltzanon bizimodua ez da-eta oso erakargarria.
Ez dira bateragarriak elite maila eta eguneroko bizitza?
Urteek aurrera egin ahala, geroago eta gutxiago. Gaztea zarenean eta ez duzunean besterik, oso ondo dago elite mailako kirolari izatea. Baina orain, beste gauza batzuk igartzen ditut faltan; gehiago kostatzen zait gogor entrenatzea, urteetako lesioak igartzen ditut, lagunak ikusten ditut seme-alabekin lasai-lasai... Guk, berriz, gogor entrenatu eta atseden hartu, sasoi hauetan ez dugu besterik egiten, eta nekagarria da.