Murugain: Burdin Aroko eta 36ko gerrako aztarnen bila oraindik, auzolana oinarri

Jokin Bereziartua Lizarazu 2012ko uztailaren 5a

Datorren astean itzuliko dira indusketa lanak Murugainera. Orain bigarren faseari ekingo diote eta iaz irekitako indusketa eremuetan jarraituko dute lanean. Hau da, Burdin Aroko eta 36ko gerrako aztarnak bilatzen jarraituko dute. Lehen fasean ez bezala, oraingoan auzolanean oinarrituko dira indusketa lanak eta atzo Aramaioko udaletxean egindako bileran lau egun zehaztu zituzten: hilaren 18a, 21a, 25a eta 28a. Ondare Babesa enpresako bospasei lagun egongo dira lanok gidatzen. 

Iaz hasi ziren indusketa lanak Murugainen, Ondare Babesa enpresaren eta Aramaioko Udalaren arteko akordioari esker. Lehen fase horretan arkeologia lanak jaso zituzten; Burdin Aroko harresiaren eta 36ko gerraren aztarnak, hain justu. 130 metro koadro ireki ziren Murugaingo puntu ezberdinetan, arkeologikoki oso emaitza interesgarriak lortuz eta Murugaingo Historia berriro ere azaleratuz.

Auzolanean oinarrituz

Etor Telleria Ondare Babesako langileak iazko lanak esperientzia positiboa izan zirela dio. 36Ko gerrako materiala lortu zen eta Burdin Aroko harresiarekin ere egin zuten topo. Orain, bigarren faseko helburu arkeologikoak berberak dira baina horiek lortzeko bideak, berriz, ezberdinak.

AOBT, pozik lehen bileraren erantzunarekin

Auzolana izango da  oinarri, beraz. Lan egiteko modu hori ez da berria Aramaion eta Telleria itxaropentsu dago aramaioarrak inplikatuko direlako. Atzo egin zuten bilera irekia udaletxean auzolan horiek antolatzeko. Aramaioko Ondarea Berreskuratzeko Taldeko Alex Mendikute pozik zegoen bileraren amaieran, herritarrek ondo  erantzun egin zutelako. Hori bai, hasieratik kezkatuta zegoen: "Kezka beti dago hor. Orain, gainera, udako egunak dira eta jaiak dira nonahi, eta auzolana lana egiteko da, ez bakarrik hamarratekoa jateko. Hala ere, jendeak erantzun du eta oso pozik gaude". 

Aurkikuntzak, irailean

Uztailean egingo dira indusketa lan berriak eta asmoa da irailean emaitza guztiak aurkeztu eta bisita gidatuak egitea, Murugainen bertan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak