"Amets egin behar da urrearekin, domina hori norbaitek irabaziko du, eta nik niretako nahi dut". Maider Undak garbi egin du berba kazetarion aurrean, eta elite mailako kirolarien artean hori ez da sarri gertatzen, hau da, benetako helburua horren garbi esatea. Maiderrek ez du urrearen bila doala esateko arazorik, lau urte hauetan egindako lan guztia, baita belauneko lesiotik errekuperatzea ere, helburu zehatz batekin egin duelako. Horretarako entrenatu da gogor: "Nik ez ditut ulertzen gogor entrenatu diren kirolariak, eta emaitza txar baten ostean ezer gertatu ez balitz moduan egoten direnak. Ez, helburu konkretu batengatik joaten gara entrenatzera, irabazteko asmoz".
Abuztuaren 9an da hitzordua
Guztira mundu mailako 18 borrokalari izango dira abuztuaren 9ko hitzorduan. Kontrario denak egongo dira fisikoki gorputzaldi onean, eta Undak alde psikologikoak izango duen eragina azpimarratu du. Alde horretatik, beteranotasunak bere alde joka dezake: "Txapelketetan egoteak ematen dizu esperientzia hori. Beste urte batzuetan txapelketa gutxi izan ditut hitzordu handi baten aurretik. Aurten ez, nahi baino txapelketa gehiago izan ditut", onartu du barrez, ondo dakielako Londresera sailkatzeko txapelketa mordo batean hartu behar izan duela esku.
Maider Undak badaki, seguruenik, azken Joko Olinpikoak izango dituela, Rioko Joko Olinpikoetan 39 urte izango dituelako. Baina onartu digu Londresen lortutakoak baldintza dezakeela datozen urteotako jarduna. Alde horretatik, ez du borroka librea kolpean uzteko asmorik. Agur esateko ordua iritsiko da, aurrerago. Orain, ametsak betetzeko ordua da.