Umeendako jolasak eta koadrilen arteko pikea jaietako azken egunean

Eneko Azkarate Laspiur 2012ko uzt. 2a, 12:16

Jaietako azken egunera heldu dira Aramaion. Asteburu mamitsuaren ostean, astelehena ere bero dator: umeendako jolasak, koadrilen arteko pikea eta Herri afaria, besteak beste, gaur.

Amaitzera doaz San Martin jaiak. Baina datorren urtera arte agurtu baino lehen azken eguna falta da oraindik. Umeak izango dira protagonista goizean eta gazteak arratsaldean; gero denek batera bazkalduko dute Herriko plazan egingo den herri afarian. Jone Arriolabengoa jai batzordeko kideak argi utzi du: "Azken eguna polita izaten da aramaioarrondako, kariño berezia diogu". 120 lagun espero dituzte herri afarian eta noski, mozorroa ezinbestekoa izango da. Batzuei, gainera, mesede egingo die, aurreko hiru egunetako ajea disimulatzeko. 

Herriko dendariak pregoilari

Egubakoitzean hasi ziren jaiak. Lierni Altuna alkateordeak irakurri zuen pregoia eta herriko dendari ohiek eman zieten hasiera. Horien artean izan ziren hainbat urtez lanean aritu diren Maria Lopez de Bergara, Arantza Altuna, Izaskun Ormaetxea eta Pilar Irasuegi: "Ondo pasa jaietan! Gora Aramaio eta aramaioarrak!", oihukatu zuten.

Zapatuan, umeendako herri kirolak eta patata-tortila lehiaketa giro onean joan ziren. Lau tortila aurkeztu ziren eta epaimahaiak lan zaila izan zuen onena aukeratzeko. Arratsaldean Txirritolinpiadetan lau taldek bakarrik hartu zuten parte eta atzo Aramaioko Lagun Artea eta Dulantziko Haize taldeen emanaldiak, haurrendako jolas parkeak eta iparraldeko herri kirolek hartu zuten lekukoa. 

Jende gutxiago

Orokorrean jende gutxiago ibili da aurten, batez ere kontzertuetan; iaz Zea Maysek jendetza ekarri zuen, eta Lisabö, Willis Drummond edo Arkada Social ez dira aurten maila horretara heldu. Hala ere, egubakoitzean txosnetan eta zapatuan plazan jende nahikotxo elkartu zen. Parte hartzeak ere behera egin du zertxobait baina ez, ordea, giroak. Gaur izango da azken traka.

Ekainak 2, astelehena

  • 11:00 Umeendako jolasak.
  • 13:00 Hipo eta Tomaxen emanaldia plazan.
  • 16:00 Koadrilen arteko pikea.
  • 19:00 Arrasate Musikalen emanaldia kultura etxean.
  • 21:30 Herri afaria plazan. Afalostean Musta batukada.
  • 01:00 DJ Mikel eta ondoren Urrezko Gibelaren sari banaketa parrandazale onenari.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak