Herriko dendetan hainbat urtez lanean aritu diren emakume aramaioarrek emango diote hasiera jaiei

Jokin Bereziartua Lizarazu 2012ko ekainaren 29a

Jaiei hasiera ematearen arduradunak herriko dendetan hainbat eta hainbat urtez lanean aritu diren eta erretiratu diren emakumeak izango dira: "Bizitza osoa dendak aurrera ateratzeko egindako ezkutuko lana goraipatu gura dugu", adierazi du Udalak. Emakumeak dira guztiak eta etxeko lanak komertzioarekin uztartu izana goraipatzekoa dela uste du jai batzordeak. Pregoia irakurri eta suziria botako dute gaur udaletxeko balkoitik, 19:00etan.

Era berean, Mugitu, ziztatu eta gozatu! aurtengo jaietako leloa eramango duten zapiak salgai egongo dira herriko tabernetan, hiru euroren truke; baita asteleheneko herri afarirako txartelak ere –helduek 15 euro eta haurrek 10 euro–.

Herrira-k egitarau berezia
Bestalde, Herrira-k egitarau berezia antolatu du jaietarako. Gaur, 20:00etan, emango diote hasiera jaiei, txosnen irekierarekin. Luis Mari Azkargorta Kanto preso aramaioarraren aldeko aldarrikapena "ozen" entzungo da eta gainera, 2009ko Korrikaren edizioan euskal presoen argazkiak eramateagatik terrorismoa goratzea egotzi dioten Aramaioko herritar bati urtebeteko espetxealdia ezarri izana salatuko dute, besteak beste.

Elkarrizketa: Jone Arriolabengoa | Jai batzordeko kidea

"Herritik eta herriarentzat behar dira jaiak, ikuspuntu ezberdinekin"

Aurten ere jai batzordeak "ilusioz" ekin dio egitaraua prestatzeko lanari, hainbat pertsona eta talderen "ezinbesteko" laguntzarekin. Jai batzordearen helburuak eta egitarauaren nondik norakoak Gazte asanbladako Jone Arriolabengoak (Aramaio, 1988) azaldu dizkigu. 

Lehen urtea al da jai batzordean zaudena?
Bai, nirea lehenengo urtea da. Hala ere, Gazte asanbladaren ordezkaritza, sorreratik egon da jaietan gutxi gora behera. Azken urteetan, jai batzordearen sorrerarekin, Gazte asanbladako ordezkariak urtero izan dira jaien antolaketan. Aurten ere Udalak jai batzordean parte hartzeko dei egin zigun herriko talde ezberdinei eta oraingoan niri egokitu zait Gazte asanbladaren izenean parte hartzea.

Nolako parte-hartzea izan du aurten batzordeak?
Parte-hartze polita izan du. Hasieran 15 bat lagun elkartu ginen, herriko elkarte ezberdineko jendea gehienbat: Txirritola, Trikitixa eskola, Gazte asanblada, Pilota elkartea, Lagun Artea dantza taldea, Papar gorri abesbatza, Alaiak erretiratu elkartea, Oilogor ehiza eta arrantza elkartea… Horrez gain, norbanako moduan aurkeztutako jendea eta Udaleko ordezkariak ere izan dira bileretan. Bost bat bilera egin ditugu.

Zein da batzordearen helburua?
Jai batzordearen helburu nagusia herritarren parte-hartzea bultzatzea da. Jaietan denok ondo pasatzea da helburua, eta horretarako oso garrantzitsua da herritar ezberdinen iritziak jasotzea. Ikuspuntu ezberdinak eta ideia ezberdinak jasotzen dira, eta nire ustez oso aberasgarria da hori. Jai parte-hartzaileak bultzatu izan ditu Gazte asanbladak bere sorreratik, eta gauzak askotxo aldatu dira ordutik. Jaiak herritik eta herriarentzat behar dira, eta hori lortzeko modu bakarra da herritar ezberdinen parte-hartzea, ikuspuntu ezberdinekin osatuz.

Goazen egitaraura. Zeintzuk dira aurtengo nobedade nagusiak?
Ez dago nobedade handirik. Badaude zenbait ekintza urtero oso ondo funtzionatzen dutenak, eta jendeak oso gustura hartzen dituenak: Txirritolinpiadak, koadrilen arteko pikea, herri kirolak, umeendako jolasak, herri afaria… Horiek mantentzearen alde egin dugu.

Bestalde, aipatu nahiko nuke aurtengo pregoilariak Aramaioko komertzioetako ardura urte luzez eraman duten emakumeak izango direla. Izan ere, Aramaioko saltoki gehienen arduradunak emakumeak izan dira azken hamarkadetan, eta urte horietan egindako esfortzua goraipatzekoa da. Dendak aurrera ateratzea etxeko lanekin uztartuz; lan ikaragarria egin dute. Horren harira, aipatzekoa da Udaleko Berdintasun sailak, jai batzordearekin eta Itur-Zuri emakume elkartearekin batera jaietarako egin duten eraso sexisten aurkako kanpaina. Aurten lehenengo aldiz, jaien programan eraso sexisten aurkako jarrera irmoa erakutsi da, eta hala egingo dugu bai jaiak iraun artean zein egunerokotasunean, erasook gizartetik ezabatu arte; kalea eta gauak emakumeonak ere badirelako.

Kontzertuei dagokienez, iaz Zea Maysek txosnak bete zituen. Aurten zein kontzertu antolatu duzue?
Aurten ere antzera gertatzea espero dugu. Willis Drummond eta Lisabö Azkena Rock jaialdian egon ziren duela bi aste, eta badituzte jarraitzaileak inguruan. Eta ostean Itziarren Semeak taldeak giro ona jartzea espero dugu. Bestetik, zapatuko kontzertuek ere oso itxura ona dute, eta herriko eta zein inguruko jendea ere erakarriko dutelakoan gaude.

Herritarrei dei bereziren bat?
Jaietan ondo pasatzea, besterik ez! Goza dezatela, norberak bere erara, etxean falta ditugunak ahaztu gabe. Eta zelan ez, datorren urtean jai batzordean parte hartzera animatzen ditut aramaioar guztiak.

Goi mailako kontzertuak egongo dira aurten ere

Aurten ere goi mailako zuzeneko musika izango dugu San Martin jaietan. Iaz Zea Maysek goraino bete zuen Txosnagunea eta aurten ere halako zerbait gertatzea espero du jai batzordeak. Eskaintzak ematen du hori pentsatzeko motiborik: gaur Azkena Rock jaialdian jo berri duten Irungo Lisabö eta Baionako Willis Drummond taldeak igoko dira agertokira. Rock taldeak biak, baina euren artean oso bestelakoak izango diren emanaldiak eskainiko dituztenak. Gainera, kantu berriekin etorriko dira: Lisabök iaz atera zuen, Animalia Lotsatuen Putzua izeneko disko berria, eta Willis Drummond-ek ere iaz atera zuen azken lana, Istanteak.

Horiez gain, azkenaldian jairik jai dabiltzan Itziarren Semeak taldeak ere joko du: rock doinuak baita ere, haizezko instrumentuez lagunduta. Kontzertuak 23:30ean hasiko dira eta beraz, gaua ondo sartu arte ez dira amaituko.

Zapatuan inguruko musika taldeak
Zapatuan, bestalde, Aramaioko eta Arrasateko taldeek girotuko dute Herriko plaza (23:00). Punk-rock doinuak izango dira nagusi, bakoitza bere ukituekin.

El Exterminio de la Raza del Mono hirukote aramaioarrak Eskorbuto talde mitikoa ekarriko digu gogora. Eurekin batera, Arrasateko punk-oi! musikaren erreferenteetako bat den Arkada Social taldeak ere joko du eta baita horrenbeste jarraitzaile akaso ez baina inor oharkabean uzten ez duten La Banda del Abuelo taldea ere, Australiako aborigenek jotzen zuten didjeridoo eta guzti.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak