17 sagardogilek parte hartu zuten guztira –Gipuzkoako 10, Bizkaiko sei eta Arabako batek– eta horien sagardoa dastatzeko aukera izan zuten Bilboko ospakizunarekin bat egindakoek; Eusko Labela duen sagardoa zen guztia, %100ean bertako sagarrarekin egindakoa. Guztira 1.400 botila sagardo zerbitzatu zituzten eta sagardoarekin batera Euskal Okelarekin egindako hanburgesak parrillan erreta dastatzeko aukera ere izan zen.
Irekiera-ekitaldiari txalapartariek eman zioten hasiera eta Maialen Lujanbio bertsolariak hiru bertso kantatu zituen. Horrela zioen horietako baten:
Sagar gozo mikatzak
dilindan goizean
baserritarrak martxan
arbola soiltzean
egiteko manera
batera ohitzean
eragina izango gu
bai saila doitzean
hori guztia dago
trago bakoitzean
Bildutako diru guztia Esklerosi Anizkoitzaren Elkartera bideratu zuten.