Mikel Ruiz de Azua: "Parte hartu, ekarpenak egin eta ederto pasatzeko dei egiten dut"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2012ko eka. 14a, 15:15

Aurten ere Mikel Ruiz de Azuak (Aramaio, 1986) irabazi du San Martin jaietako kartel lehiaketa. Erlauntza irudikatu du, egun bakoitzeko ekitaldiren bat nabarmenduz, eta 'Mugitu, ziztatu eta gozatu!' aukeratu du aurtengo lema. Aitortu digu nahi beste denbora dedikatu ezin izan duen arren, pozik dagoela Udalari gustatu zaiolako.

Zorionak! Aurten ere irabazle?
Eskerrik asko! Oso pozik nago laugarren aldiz nik diseinatutako jaietarako kartela aukeratua izan delako. Irudia nirea izateaz gainera, jaietan lasai gastatzeko ere balioko du egindako ahaleginak. Aurten, ikasketak direla-eta, nahiko larri ibili naiz denboraz baina hala ere, tarte bat atera eta... aurten ere nire kartela! Lehiaketa ezberdinetan parte hartzeko ohitura dut eta batzuetan irabazten da eta beste batzuetan ez. Izan ere, parte hartu gabe ezin daiteke irabazi.

Iaz behiak eta aurten erleak. Obsesioa duzu animaliekin, ala?
Jende askok galdetu dit ea animaliekin obsesioa dudan baina kointzidentzia hutsa izan da. Berria egunkariaren Eman zure ziztada ekimenean inspiratu nintzen. Irudi hori oinarri hartuta kartela irudikatzen hasi nintzen eta erlauntzeko etxe edo hexagono bakoitzean Aramaioko jaietako egun bat irudikatzeko ideia etorri zitzaidan.

Mugitu, ziztatu eta gozatu! da lema. Nola bururatu zaizu?
Erleak geldi egon ezin diren animaliak dira eta jaietan mugitu eta parte hartzera bultzatu nahi dut jendea, erleek duten bizitasun hori aprobetxatuz. Ekintzetan parte hartu, norberak bere ekarpenak egin eta guztion artean ederto pasatzeko deia da lema. Gainera, zapietan ere joango dela esan didate eta horregatik oso pozik nago.

Kanpoan egon zara azken urteetan. Beraz, aurten gogotsu, ezta?
Hiru urtez kanpoan ikasten egon naiz eta azterketa garaietan harrapatu naute jaiek. Aurten ikasketak bukatuta izango ditut eta gustura asko aprobetxatuko ditudala uste dut. Asko botatzen dira faltan herriko festak, oso ongi pasatzen dugu-eta!

Zerbait gaineratzerik nahi?
Jende dena animatu gura dut etortzera, ekintza ezberdinetan parte hartu eta denon artean ederto pasako dugulako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak