Maider Unda ETB Sat-eko 'BAT to London 2012' saioan

Goiatz Arana Begiristain 2012ko ekainaren 12a

Azken urtean Londresko Joko Olinpikoetan parte hartzeko lehian izan diren euskal kirolariei jarraipena egin die 'ETB Sat'-eko 'BAT to London 2012' programak eta bihar, eguaztena, emitituko du bere azkenaurrekoa atala, 22:30etik aurrera. Maider Unda borrokalari aramaioarra izango da protagonistetako bat eta, harekin batera, beste hiru: Julen Aginagalde (eskubaloia), Victor Hugo Garrido ((txirrindularitza egokitua) eta Zuriñe Rodriguez (triatloia). 

Londresen egongo diren gure lau ordezkariri eskainiko dio ekaineko atala BAT to London 2012 saioa, baita jokoetako izar handietako bat izan litekeen Usain Bolt atletari ere.

Iñigo Asensio kazetariak gidatuta, aipatutako kirolarien ibilbidea eta Londreserako dituzten itxaropenak jorratuko ditu saioak, urteko kirol hitzordurik garrantzitsuenaren atarian.

Protagonostak

  1. Maider Unda: Olinpiaden aurreko txapelketa neketsua izan du Undak azken hilabeteetan, Bulgarian, Txinan eta Finlandian lehiatu behar izan baitu bi astetan. Dena dela, azkenean lortu du Beijing 2008an bosgarren postua eskuratu eta gero bere buruari jarri zion erronka: berriz ere Joko Olinpikoetan parte hartzea.
  2. Julen Aginagalde: Espainiako eskubaloi selekzioko jokalari irundarra. Beijing 2008ko aurre selekzioan egon zen baina, azkenean, Jon Belaustegi eta Iker Romero euskaldunak baino ez ziren sartu azken zerrendan. Heldutasun puntu bikainarekin egingo die aurre bere lehendabiziko jokoei.
  3. Victor Hugo Garrido: Herritartasun bikoitza duen arren, espainiarra eta venezuelarra, aspaldi bizi da EAEn. Atenas 2004an brontzea eskuratu zuen txirrindularitza egokituan eta Beijing 2008an ere hartu zuen parte. Iraileko Joko Paralinpikoak ditu helburu eta, batez ere, domina bat lortzea bere kirol-ibilbidea borobiltzeko.
  4. Zuriñe Rodriguez: Triatleta bizkaitarra azkenetarikoa izan da, euskal kirolarien artean,  Londreserako sailkapena lortzen. 2011 eta 2012an burututako ibilbide bikain bati esker Barakaldokoak urtetan amestu duena lortu du. Ainhoa Muruarekin batera australiarrak eta Zeelanda Berrikoak gailentzea izango du helburu.

Munduko kirolaririk azkarrenak ere, Usain Boltek, tarte zabala izango du BAT to London 2012 saioan. Jamaikarrak bere burua "jokoen historian mito bezala sartzeko aukera bezala" ikusten du. Urteko markarik onena ezarri berri du Erroman (9,76koa 100 metroetan) eta argi erakutsi du prest dagoela Londresko estadio olinpikoan "hegan" egiteko. Begi guztiak egongo dira Bolten gainean, 2008ko abuztuaren 16an Beijingen ezarritako marka bikaina ikusita: 9,69koa. Bere erronka urrea lau diziplinatan lortzea izango da: 100 eta 200 metroetan eta 4x100 eta 4x400 erreleboetan.

Azken atala uztailaren 25ean

Basque Team fundazioaren egitasmoak uztailaren 25ean izango du amaiera; Ingalaterrako hiriburuan su olinpikoa pizteko bi egun faltako direnean eskainiko du azken atala.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak