Rosa Mari Kortabarria: "Ordu pila bat sartu arren uste dut garrantzitsua dela norberaren herriaren alde lan egitea; polita izan zen"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2012ko ekainaren 14a

Donostian jaioa, betidanik bizi izan da Aramaion Rosa Mari Kortabarria (Donostia, 1959). Eusko Alkartasunan afiliatu aurretik sartu zen zinegotzi eta hiru agintaldi egin zituen jarraian aramaioarren zerbitzura. Lehen bi agintaldietan alkateorde izan zen eta Aramaioko lehen emakumea zinegotzi lanetan. Horrez gain, ekainean 25 urte beteko dira udal jardunean hasi zela.

Zergatik erabaki zenuen politikagintzan sartzea?

Herri txiki gehienetan gertatzen den moduan jendeak bultzatuta sartu nintzen. Hainbat eskaera jaso ostean erabaki nuen zerrendetan aurkeztea. Argi nuen helburua: herri mailan laguntzeko sartu nintzen, lan egiteko. 

12 urte izan ziren guztira, urte asko. Nola baloratzen dituzu? 

Bai, urte asko izan ziren. Larregi, akaso. Lan handia egin behar izan genuen; hasi aurretik pentsa zenezake herri txikietan ez dela mugimendu gehiegi egoten, baina alderantziz da. Lanak zuk zeuk egin behar dituzu hasieratik amaierara, laguntza gutxi izaten duzulako. Ni sartu nintzenean, gainera, udaletxean urte asko zeraman jendea zegoen eta sartu eta gutxira erretiratu ziren gehienak. Ordu pila bat sartu nituela gogoratzen dut. 

Zinegotzi izateak izango zuen, bada, abantailaren bat...

Asko ikasi nuen kontrolatzen ez nituen gaien gainean. Bestalde, irabazirik izan ez arren –urtean zehar pare bat afari egiten genituela gogoratzen dut– oso garrantzitsua da norberaren herriaren alde lan egitea. Polita da. Gainera, orduan sortutako ekimenak gaur egun mantentzen direla ikusteak asko gogobetetzen du. 

Zein batzordetan aritu zinen?

Zinegotzi lanetan sartu zen lehen emakumea izan nintzela uste dut  eta gainera, lehen bi agintaldietan alkateorde moduan ere jardun nuen. Hasieran Ogasun batzordean egon nintzen; ordura arte idazkariak eramaten zituen kontu guztiak baina erretiratu egin zen eta kontu guztiak eramatea niri egokitu zitzaidan. Kontuak eramateaz aparte, kultura, hezkuntza eta euskara batzordeko buru izan nintzen lehen zortzi urteetan. Azken agintaldian euskara eta hezkuntza eraman nituen, kulturatik bereiztu zirelako.

Urte asko dira eta beraz, proiektu asko eramango ziren aurrera. Zeintzuk nabarmenduko zenituzke?

Hainbat esan nitzake baina batez ere kontratuak egiteko beharrak hainbat buruhauste sortu zituen. Garai hartan kontratatu ziren lehenengoz gizarte laguntzailea eta kultura eta gizarte gaietarako dinamizatzailea, esaterako. Kanpotik atzematen ez bada ere, lan handia suposatu zuen halako zerbitzuak zerotik sortzeak. Izan ere, hainbat talde zeuden herrian ekintza bat antolatu gura bazuten nora jo ez zutenak. Horiek guztiak udaletxera etortzen ziren, normala den moduan. 

12 urtetan egoera oso aldakorra izan zitekeen arren, nolakoa izan zen harremana Diputazioarekin?

Oso ezberdina da Diputazioan gertuko jendea izatea edo ez. PP egon denean, adibidez, Aramaiok asko galdu du. Baina alderdiko edo gertukoren bat egonez gero tratua oso bestelakoa da.  

Aldundiaren laguntzarekin Trikitixa eskola edo Itur-Zuri emakume elkartea sortzeko laguntza jaso genuen, esaterako. Nire helburuetako bat izan zen taldeak udaletxetik atera eta elkarte moduan era autonomo baten –beti ere Udalaren laguntzaz– funtzionatzea. Elkarte horiei baldintza moduan jarri genien urtean ekitaldi bat gutxienez herrian bertan antolatzea. Bestalde, hainbat burukomin sortu zizkidan Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza Arrasaten egiteko aukera lortzeak. Legealdi hartan Jaurlaritzan PSE-EE zegoen eta Fernando Buesarekin hainbat bilera egin nituen DBH Gasteizen beharrean Arrasaten egiteko aukera emateko. Buesak ez zuen atzera egiten baina legealdi hori amaitu zenean hezkuntza arloan EAko Inazio Oliveri sartu eta egoera aprobetxatu genuen mapa aldatzeko. Lorpen handia izan zen, atzematen ez den arren. 

Nolakoak izan ziren udal taldeen arteko harremanak?

Aldakorrak izan ziren, baina orokorrean ondo funtzionatu genuen. Hasieran koadrila moduan aritu ginen eta gerora politizatzen joan zen kontua, politika orokorraren eraginez. Hala ere, harremana beti izan da ona eta gaur egun ere, alderdiak alderdi, ez dut uste harreman txarrik dagoenik zinegotzien artean. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak