San Martinak gero eta gertuago: "Guztion artean guztiondako jaiak" aurten ere

Jokin Bereziartua Lizarazu 2012ko ekainaren 11

San Martin jaiak gero eta gertuago ditugu, aurten ekainaren 29an hasi eta uztailaren 2ra arte luzatuko dira. Egitaraua egiteaz arduratzen den jai batzordeak ez ditu oraindik ekitaldi guztiak lotu eta beraz, ezin izan dute ezer aurreratu. Hala ere, aurten ere "guztion artean guztiondako jaiak" antolatuko dituzte, herritarren parte hartze barik jairik ez dagoela ulertzen dutelako.

Aurten jai batzordea ohi baino beranduago hasi da jaiak antolatzen: "Dena den, lan ona egin da eta denboraz larri ibili garen arren, ia dena lotuta dago". Lehen bilera apirilaren 18an egin zuten eta ordutik lau bilera egin dituzte, azkena joan den egubakoitzean: "Ez da azkena izango, xehetasun guztiak lotzeko beste bileraren bat egingo dugu-eta", jakinarazi dute.

Orain arte bilerek eman dutenarekin pozik daude antolatzaileak: "Pertsona ezberdinak bilerara hurbiltzeak ekarpen asko sortzen ditu. Bakoitzak bere iritzia azaltzen du, egitea gura duena edo beste leku bateko jaietan ikusitako musika taldearen kontaktua ematen du, adibidez. Oso aberasgarria da iritzi ezberdinak azaltzea eta baloratzea". Lehen bileran kultur talde guztien ordezkari bat egon zen eta bakoitzak bere proposamenak egin zituen. Pozik daude parte hartzearekin: "Ezin gara kexatu, eskertzekoa da", diote.

Kartela, Ruiz de Azuarena aurten ere
Bestalde, jaietarako kartela Mikel Ruiz de Azuak egin du aurten ere. Erlauntza irudikatu du, egun bakoitzeko ekitaldiren bat nabarmenduz, eta Mugitu, ziztatu eta gozatu! aukeratu du aurtengo lema. Aitortu digu nahi beste denbora dedikatu ezin izan duen arren, pozik dagoela Udalari gustatu zaiolako. Umeen saria, berriz, 8 urteko Jokin Rodero umeak irabazi du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak