1868ko erlikia historikoa, herritar guztiendako ikusgai Aramaion

Jokin Bereziartua Lizarazu 2012ko ekainaren 6a

Udalak erlikia historikoa den erloju baten makinaria jarri du ikusgai herritar guztiendako, udaletxe ondoan. Guztion begietara dagoen erloju-makinaria hori 1868an jarri zen martxan lehenengoz eta 1981ean udaletxeko obra egin zenean kendu eta gaur egun dagoen erloju elektronikoa jarri zuten. Urte horietan makinaria gordeta egon da hiltegi zaharrean, eta zaharberritze lanen ostean anonimotasunean egon gura duen herritar batek makinaria berritu du, halako lanak egitea zaletasuna duelako.

1868an jarri zen martxan erlojua. Izan ere, udaletxea ordulari barik egin zuten, herriko erlojua Sastiñako dorrean zegoelako. 1822an, Ibarrako eliza egin zenean, diruz gaizki zebiltzalako dorrea bota zuten hango materiala eliza berrian aprobetxatzeko. Orduan egin zen udaletxe gaineko dorretxoa, erlojuarendako.

4.300 erreal kobratu zuen diseinatzaileak

Erlojua Don Francisco Paula de Abaituak diseinatu zuen eta lan horregatik 4.300 erreal kobratu zuen. Diru asko izan zen garai hartarako; udaletxeak ordaindu zuen osorik eta orduko kontratuan jasotzen denez, lau urte behar izan zuten ordainketa egiteko.

Kontratu horretan jasotzen dira, era berean, erlojuaren ezaugarriak eta egileari egiten zaizkion  eskaerak: "Erloju berriak bere makinarian jaso beharko ditu ordu erdiak eta ordu osoen errepikapenak [...]. Zazpi edo zortzi egunetarako soka izan beharko du, pisuak jasotzea ahalbidetuko duten gurpil errazekin".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak