Aramaixo Basarri Barri fundazioak ereindako haziak fruituak ematen jarraitzen du. Irikiñ taldea da horren azken adibidea, denetariko barazki eta frutak eraldatzea helburu duen taldea. Aramaioko Sagarzaleen elkartea eredu hartuta, azken hilabeteotan taldea ofizialki sortzeko bidean jarri dira: taldearen helburuak, funtzionamendua eta filosofia aztertu dituzte eta hornitzaileekin eta kontserba egile ezberdinekin ere egon dira. Makina ezberdinak begiratu dituzte eta aurrekontuak eskatu.
Hala, taldearen aurkezpena egin zuten atzo Sastiñan, bazkide berriak lortzeko. Bazkide horiek Aramaiokoak izan beharko dira, orain arte taldea sortzeko lanean aritu den Kepa Lizarralde kideak adierazi duenez.
Hori bai, bazkide ez direnek ere izango lukete aukera Mendiolako zentroko instalazioak erabili eta kontserbak egiteko Beraz, Irikiñ taldeak aramaioarren babesa eta bazkide berrien ekarpenak behar ditu lanean hasi aurretik.
Urki Larrea taldeko kideak jakinarazi du izena eman daitekeela dagoeneko. Interesatuak ekainaren 8a baino lehen egon beharko dira ABBko kideekin (Aitor Larrañaga: 625 706 374). Bazkide bakoitzak erabakiko du eraldatutako produktuekin zer egin: norberak kontsumitu edo saldu. Lanerako lokala badute Mendiolako Berrikuntza eta Ikerketa zentroan eta hori asko da hastear den halako talde batendako.