Aramaixo Basarri Barriren egoitzak ireki ditu ateak, bertako ekoizleei zabalik

Jokin Bereziartua Lizarazu 2012ko maiatzaren 30a

Aramaioko Basarri Barri fundazioaren Mendiolako Ikerkuntza eta Berrikuntzarako zentroaren irekiera ekitaldia egin dute gaur.  Zentro berria Aramaioko Udalak lehen sektoreari emandako bultzadaren emaitza eta bide horretatik jarraitzeko konpromisoaren emaitza da. Izan ere, ABB fundazioaren taldeek euren jarduna aurrera eramateko azpiegiturak, ezagutza eta elkarlana sustatzeko balioko du Mendiolako zentroak. Irekiera ekitaldian, besteak beste, Aramaioko Udaleko, Zuiako Koadrilako, Arabako Foru Aldundiko eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariak izan dira.

Aramaixo Basarri Barri fundazioak bere jarduna aurrera eramateko  zentro berria du: Mendiolako Ikerkuntza eta Berrikuntzarako zentroa. Egoitza berriak gaur ireki ditu ateak eta, bertan, lehen sektorean jarduten duten herritarrei sagardoa egiteko eta artzaintzaren edo ortuko produktuei irteera emateko aukerak zabalduko dizkie aurrerantzean. Ekitaldian Rosa Mondragon Udaleko teknikariak, Beñat Mendiburu arkitektoak, Ramon Ajuria alkateak eta Pablo Medraño Eusko Jaurlaritzako Landa Garapeneko zuzendariak hartu dute hitza eta guztiek nabarmendu dute zentro berriak lehen sektoreari emango dion bultzada.

Hiru fase dira; azkena gauzatzeke dago oraindik

Lehen fasea Zapateroren Gobernuaren E Planari esker eraman zen aurrera. Orduan zutabeak eta teilatua egin ziren. Lehen fasearekin 2010eko apirilean hasi eta urte bereko azaroan amaitu zuten; 100.000 euro baino gehiagoko inbertsioa izan zen.

Bigarren fasea Jaurlaritzako Erein programari esker gauzatu zen –aurrekontuaren %80a ordaindu zuen–. Hau da, bi solairuak bereiztu eta lehen solairua erabilgarri uztea izan zen bigarren fasearen helburua. 2011ko azaroan amaitu zuten lanekin, 380.000 euro inguru xahutu ostean.
Orain, hirugarren fasea falta da, hots, goiko solairua erabilgarri uztea. Hirugarren eta azken fasean burutuko da hori: ikastaroak emateko gela bat, dastatze gela bat, laborategi bat eta bulego bat egokitzea aurreikusten da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak