Maider Unda: "Nik ez nuen hura aukeratu, kirolak aukeratu ninduen ni"

Txomin Madina Milikua 2012ko maiatzaren 31

Bigarren aldiz Olinpiar Jokoetan lehiatuko da Oletako borrokalaria; udan, beraz, Londresen dagoen bitartean, beste norbaitek zaindu beharko dio artaldea.

1. Zein bide izan da errazagoa: Londreserakoa ala Pekinerakoa?

Pekinerako bidea berria zen, eta, akaso, ilusio handiagoa egiten zidan;  baina hau ere oso polita izango da. Pekinerako zorte handiagoa izan nuen, plaza askoz lehenago lortu nuen; Londreserako, azken unera arte itxoin behar izan dut. 

2. Oztopoen artean lesio bat ere izan duzu. Nola egin aurre horri?

Ez zaude horretarako preparatuta, baina beti esan izan dut goi mailako kirolariak horregatik direla goi mailakoak: datorrenari aurre egiteko duten gaitasunagatik. 

3. Urrea, zilarra edo brontzea; zein ikusten da gertuen?

Urrea; urrearekin amestu behar duzu, lanari ekiterakoan buruan hori izan. Aurkariak? Nire entrenatzaileak dioen moduan, nik bezala aurkariak bi esku eta buru bat ditu eta nire aukera berak ditu. Nahi izan behar da.

4. 9 urterekin hurbildu zinen borrokara sanboaren bidez. Ez dirudi neska baten ohiko aukera...

Umea nintzen eta jolastea eta ondo pasatzea bakarrik nituen helburu. Nik ez nuen hura aukeratu, kirolak aukeratu ninduen ni.

5. Madrilera joan zinen entrenatzera, baita bueltan etorri ere...

Beharbada, Madrilen egun osoan entrena dezakezu; baina etxean gustura sentitzen naiz, nire burua oso ondo dago eta ikusi da hori dela garrantzitsuena.

6. Artzaintzari ez diozu ukorik egin. Noiz jotzen du zure iratzargailuak?

06:00ak baino lehenago. Nola eroan biak uztartzea? Beti esan izan dut gustuko aldapan ez dagoela nekerik. Hori bada nahi duzuna lortzeko bidea, horrela izan behar du. Baina laguntza behar izan dut: kanpoan joan behar dudanean, norbaitek egin behar du.  

7. Gertu dago borrokalaria edo artzaina bakarrik izateko eguna?

Badirudi, baina ez dakit. Nik uste dut borroka pixkanaka-pixkanaka utziko dudala artzaintzari denbora luzeagoa eskaintzeko. Ez dut datarik jarri, apurka-apurka izango da.

8. Tapizetik kanpo borrokarik bai?

Txikitan, beharbada; handitan, ez. Beste borroka mota bat egin behar da, hori dio bizitzak: gauzak ez dira txarrera lortzen, onera baizik. Agian, ez lehenengoan, baina pazientziarekin gauzak irten egiten dira.

9. Irakurtzea gustuko duzu. Londreserako liburuak aukeratuta?

Ez; sailkapenaren aurretik bukatu nuen azkena eta ez dut besterik aukeratu. Kanpora ateratzen naizenean denbora luzeagoa izaten dut, eta, buruari bueltak eman beharrean, nahiago dut irakurri.

10. Noiz bidaiatu zenuen azken aldiz lehiatzeko helburu barik?

Beti bidaiatzen dut borrokatzeko, ez oporretarako; urtean hainbeste bidaia eginda... Opor idealak? Turismo eta hondartza apur bat, eta, batez ere, lasaitasuna.

-----------------

Makila magikoa baneuka: "Politika desagerraraziko nuke; politikarientzat garrantzitsuena ez da munduarendako egokiena egitea, ondo geratzea baizik. Nork bere onura lortzea bakarrik gura dute, hiritarrak ez dira lehentasuna. Euren lehenetasuna euren arteko tirabirak dira".

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak