Bertsozale egitasmoa aurkezteko orduan pozik agertu dira bertsozale elkarteko ordezkariak: "Zalantzarik gabe esan dezakegu Arabako bertsolaritzaren egoerarik hoberenean gaudela. Datuek horrela adierazten dute: 2000 umek jasotzen dute bertsolaritza Arabako ikastetxetako ikas orduetan, 12 herrietan bertso-eskola dago, 180 saio burutu ziren gure lurraldean 2011.urtean".
Horrez gain, Arabako bertsolaritzaren berezitasunak ere aipatu dituzte: "Kultur adierazpide bizia, parte-hartzailea, herrikoia, moldagarria eta gazteentzako gero eta erakargarriagoa den heinean, bertsolaritza zer den, nolakoa den eta zein errealitate bizi duen ezagutzera ematea garrantzitsua iruditzen zaigu".
Plaza eta zale berriak lortzea helburu
Honela azaldu dituzte Bertsozale egitasmoaren helburuak: "Hiru helburu dauzka Araba Bertsozale-k: Arabako bertsolaritza hedatzea kultur eragileen artean, plaza berriak lortzea eta zale berriak sortzea. Helburu horiek lortzeko Arabako hainbat kultur eragilerekin elkarrizketak egiten ari dira dagoeneko, uda partean eta herriko jaien inguruan bertso-emanaldiak burutzen ari dira eta bertsolaritzari buruzko ikastaro laburrak udazkenean abiatuko dira.
Arabako bertso eskolek 30 urte
Bestalde 30 urte betetzen dira aurten, 1982an Gasteiz eta Laudion bertso eskolak sortu zituztenetik: "Aurten 30 urte bete dira Araban bertso-eskolak sortzen hasi zirenetik, eta ospatu egin nahi dugu. Ospatu nahi dugu aitzindari horiek erakutsi zigutena, ospatu nahi dugu batzuek lekukoa hartu zutela eta gaur arte transmititu digutela. Eskerrak eman nahi dizkiegu urte hauetan bidelagun izan diren guztiei eta gaur egun bertso-eskolan gozatzen eta parte hartzen duten guztiei".
Hala, urteurren borobila ospatzeko ekitaldiak antolatzeaz gain, gogora ekarri gura izan dute bertso eskolen garrantzia: "Bertsolaritza, kultura eta euskararen biharko eragileak sortuko dituen oinarrizko egitura antolatua da bertso-eskola".