Izan ere, Aramaioko Herrira-ren helburu nagusia da "aramaioar guztion indarrak batzea": "Giza eskubideen ikuspegitik, erabat onartezinak diren neurriak aplikatzen zaizkie euskal presoei, hala nola, dispertsioa, bizi arteko kartzela zigorra, gaixorik direnak preso mantentzea, isolamendua eta bakartzea.
Gure helburua honekin guztiarekin behin betiko amaitzea da", diote. Aramaioko taldea martxoan aurkeztu zuten eta orain arte herritarrek "oso ondo" erantzun dutela diote arduradunek: "Ekarpen pila bat jaso ditugu eta horietako asko oso interesgarriak. Oso pozik gaude parte hartzearekin".
'Kanto', geratzen den bakarra
Herrira ekimenekoek Luis Mari Azkargorta Kanto-ren egoera salatu gura izan dute bereziki. Apirilean, esaterako, preso aramaioarra askatzea eskatzen zuen mozioa aurkeztu zuten Udalean. Aramaioko euskal preso bakarra da egun eta espetxean 24 urte daramatza. Orain Zuerako (Zaragoza) espetxean dago eta joan den hilean aurkeztutako ezarri zioten Parot doktrinaren aurrean babes helegitea onartu ez diotenez, printzipioz 2018ra arte egon beharko du espetxean.
Bestalde, zapaturako egitaraua herriko elkarte eta eragile ezberdinen laguntzaz prestatu dute. Hala, Orixol mendizale elkartea, Gazte Asanblada eta trikitixa zein dantza eskola inplikatu dira, besteak beste, hilaren 19rako ekintzak prestatzeko.