Ortuan lanean aurkitu dugu Maider Unda, Helsinkindik etorri berri. Pozik da Joko Olinpiarretarako txartela eskuratu duela-eta.
Hiru aste lehiatzen
Azken hiru asteak lehiatzen egin ditu eta domeka honetan, azken aukeran, lortu du Londresera joateko txartela. Aitortu digu lehenago sailkatzea espero zuela, baina azken txapelketan erraz hartu zuela mendean arerioa. "Uste baino errazagoa izan zen. Nabaritzen zen hiru aste lehiatzen gindoazela eta jendea nekatuta zegoen. Nik hor abantaila izan dut, izan ere, otsailean ia prestakuntza berdina egin nuen. Ez nuen espero, baina, hiru txapelketa jokatzerik".
Hiru txapelketa jokatu behar izan ditu Undak. Lehena Bulgarian, Europako sailkapena. Joko Olinpiarretara joateko txartela lortzeko, finalera heldu beharra zuen Undak, baina final-laurdenetan ezin izan zuen suediarra mendean hartu. Hurrengo asteburuan Txinan jokatu behar izan zuen. Han ere final-laurdenetan galdu egin zuen moldaviarraren aurka eta finalera iritsi ezean, ezin Londreserako pasea lortu. Hala, asteburu honetan Helsinkin jokatu zen txapelketa zen Undarendako azken aukera eta bertan bai. Bertan lortu du horrenbeste desiratutako txartela.
Domina helburu
Orain astebetez atseden hartuko duela adierazi digu eta gero pixkana-pixkana hasiko dela prestatzen podiumera igotzeko helburuarekin. "Londresen espero dut domina lotzea. Pekinen gutxigatik gelditu nintzen kanpoan; beharbada, esperientzia faltagatik. Orain badakit unea bizi egin behar dela eta domina bat lortu daitekeela. Estrategia eta burua hotz mantentzea izango da gakoa".
Fisikoki ongi
Iaz belauneko lesioa izan zuen Undak, baina adierazi digu aurten ez duela inolako arazorik izan: "Buruan behintzat ez du eraginik eta hori da garrantzitsuena. Gainera, momentuan bertan ondo egin nuen errekuperazioa. Horrenbestez, aurtengo urtean ez dut inolako arazorik izan". Abuztuaren 9an lehiatuko da Unda, Londresen.