Aramaioko Udalak Plan Orokorra euskaraz tramitatu dezan eskatu dio Arabako Diputazioari

Jokin Bereziartua Lizarazu 2012ko maiatzaren 8a

Aramaioko Udalak Plan Orokorra euskaraz tramitatu dezan eskatu dio Arabako Aldudiari. Izan ere, Diputazioak Plan Orokorraren dokumentazioa euskaraz bidaltzea "akatsa" dela aipatu eta zuzentzeko jakinarazpena bidali dio Udalari.  Udalak "harridura eta adostasunik eza" erakutsi nahi du jakinarazpen horren aurrean. Horretarako prentsaurrekoa egin dute gaur Gasteizen Ramon Ajuria Aramaioko alkateak eta Lierni Altuna Bilduko bozeramaileak.

Gasteizko agerraldian jakinarazi dutenez, 2012ko martxoaren 7an aurkeztu zuen Arabako Aldundian Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren espedientea, bertan behin betiko onar zedin. 2012ko martxoaren 23an, berriz, zuzendu beharreko akatsak jasotzen zituen jakinarazpen bat jaso zuen Udalak.

Beste zenbait zuzendu beharrekoren artean, honako “akatsa” azaltzen zen bertan, hitzez hitz:
1. Udalak plana egiteko prozeduraren fase guztietan hartzen dituen ebazpen guztien aurkibidea eta ziurtagiriak elebidunak izango dira edo, hala behar izanez gero, euskaraz aparte gaztelaniaz ere aurkeztu beharko dira, Euskararen erabilera normaltzeko azaroaren 24ko 10/1982 Legearen 8. artikuluan xedatutakoaren arabera.”

Baina Aramaioko alkateak azpimarratu duen bezala, legeak berak, artikulu berean hauxe jasotzen du:
2. Euskal Herriko Autonomia Erkidegoan kokatutako herri-aginteek esku hartzen duten egintza guztiak eta baita administrazioaren jakinarazpen eta adierazpenak ere bi hizkuntzetan idatzita egon beharko dute, salbu eta interesdun partikularrek Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizialetako bat berariaz erabiltzea aukeratzen badute.

3. Aurrekoan agindutakoa gora behera, herri-aginteek euskara bakarrik erabili ahal izango dute toki-administrazioaren esparruan baldin eta, udalerriaren ezaugarri soziolinguistikoak direla-eta, herritarren eskubideak kaltetzen ez badira.”

"Ezaugarri linguistikoak kontuan hartu gabe"

Hori, Udalaren ustez, “harrigarria” da: "Harrigarria da Arabako Aldundiak udalerriko ezaugarri soziolinguistikoak ahaztu, eta Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren zenbait atal euskaraz bakarrik jaso izana akats gisara definitzea. Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizialetako bat, legeak babestua eta bermatua, erabiltzea akats bezala definitzea edota Aramaioren ezaugarriak dituen herri batean euskara hutsean zenbait testu argitaratu, eta euskara hutsean funtzionatzea, akats bat dela pentsatzea”, adierazi dute prentsaurrekoan. Izan ere, "Aramaion %80tik gorakoa da euskararen ezagutza".

Honakoa gaineratu dute:  “Eskatutako dokumentazioa EAEko beste hizkuntza ofiziala erabiliz, hau da, gaztelaniaz bakarrik bidaliz gero, Arabako Aldundiaren aldetik ez zela inolako oztoporik egongo planaren izapideak martxan jartzeko, eta ez lukeela inon inolako akatsik ikusiko, nahiz eta euskararen legearen 8. artikulua berdin-berdin aplikatu”. Hala, Arabako Aldundiak legearen "interpretazio guztiz interesatua" egin duela iruditzen zaio Udalari.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak